Apirila euritsu, itzultzaileak mamitsu
Apirila bukatu da eta, aurrekoetan bezala, hil honetan ere gure ofizioa hedabideetan zabaldu duten albiste, artikulu eta elkarrizketen bilduma dakarkizuegu. Alde horretatik, mamitsua izan da apirila eta Josu Zabaleta, Xabier Olarra, Ibon Uribarri, Petra Elser eta Aingeru Epaltza izan ditu protagonista.
Hilabete hasieran, Edorta Jimenezek Ibon Uribarri elkarrizketatu zuen Bizkaia Irratiko Irakurrieran saioan, Mihia aske liburuaren inguruan. Gero, Xabier Olarraren txanda izan zen: txioen bidez erantzun zien Gorka Bereziartuaren galderei, Igela argitaletxearen 25. urteurrenaren egunean. Ostean, eleareazi-k Josu Zabaletari buruzko Saltsero bat pelotoian artikulua eskaini zigun oporren bezperan eta, larunbat horretan bertan, Petra Elser eta Aingeru Epaltza Sautrela saioko Nola itzuli da euskal literatura beste hizkuntza batzuetara? erreportajean ikusi ahal izan genituen.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak 2013ko epaitegietako itzulpen eta interpretazioei buruzko datuak argitaratu ditu hil honetan eta egunkariek informazio hori bildu dute.
Beti legez, denak ala denak eskuragarri dituzue Itzulpengintza ikusgai atalean.