2014ko Batzar Nagusia egin du EIZIEk Iruñean
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) Batzar Nagusia egin zuen martxoaren 29an, Iruñeko Katakrak liburu dendan . Hogeita hamar bazkide elkartu ziren, 2013ko jardueren emaitza eta 2014ko asmoen berri jakiteko.
Iñaki Iñurrieta lehendakariak azalpen orokor bat egin zuen joandako urteaz eta aurrera begirako eginkizunez. Diru-sarreretan murrizketa nabarmena izan da, eta ondorioz, EIZIEren ohiko jarduera-ildoei eutsiko bazaie, nahitaezkoa da lehentasunak zehaztea, eta lankidetzari berebiziko garrantzia ematea, bazkideekiko eta beste erakundeekiko sareak ehunduz. Komunikazioa izango da gakoetako bat, eta horretarako tresna aparta du EIZIEk webgune berritua. Bestalde, aurrekontuaren desafioari begira, bi ildo seinalatu zituen: proiektuak beren burua finantzatzeko modukoak izatea eta beste erakunde batzuei (Administrazioari, irakaskuntza-munduari) zerbitzuak eskaintzea.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin elkarlanean, Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroa ireki du EIZIEk. 2013an lau liburu argitaratu dira (Lobo Antunes, Rodoreda, Shelley eta Canetti), eta beste bost obra esleitu dira itzulpen-lehiaketan. 2014an eta 2015ean argitaratuko dira.
Senez aldizkariak beste zenbaki bat eman du 2013an, eta sareko tresnetan indarrean segitzen dute ItzuL posta-zerrendak eta 31 eskutik blogak.
Prestakuntza ikastaro eta zerbitzuak eskaintzen ere jarraitzen du eta jarraituko du EIZIEk. Azpiegituren eta tresnen esparruan, berriz, aipatzekoak da Nordanor gune berria, Euskal Itzulpengintzaren datu-basea, zeina etengabe osatuz joango baita.
Batzarraren ostean, ibilaldi bat egin zuten bazkideek Iruñeko kaleetan zehar, Labrit Tours taldeko Kike Diez de Ulzurrun lagunak gidaturik, hiriari buruzko begirada orokor bat, historia kontu batzuk, euskara eta, bereziki, euskal letrei loturiko txokoak ezagutzeko.
Ibilaldiaren ondoren, ongi merezitako bazkari-mokadua egin zuten guztiek Katakrak-en kantinan.