Martxoan ere entzun dugu itzultzaile eta interpreteen ahotsa
Hilabetez hilabete protagonistak aldatuz doaz. Oraingo honetan Gerardo Markuleta, Garazi Arrula, Maria Colera eta Josu Zabaleta izan ditugu hedabideetan, gure ofizioari buruz hizketan. Albiste, entzungai, irakurgai eta bideo horiek guztiak gure webgune berriko Itzulpengintza ikusgai atalean aurkituko dituzue.
Egunkariek Gerardo Markuleta izan dute hizpide, hilaren 6an, Hobe kontatzen ez badidazu ipuin katalanen antologia argitaratu baitzen. Irratian, Garazi Arrula izan dugu protagonista, Bizkaia Irratiko Irakurrieran saioan, eta Venusen delta liburuaren itzulpenaz aritu zaigu. Azkenik, elearaziko blogariek Maria Colera itzultzaile eta interpreteari egin diote elkarrizketa, Itzultzaileak mintzo atalean.
Bestalde, otsailean Itzulpengintza eta Interpretazioko Unibertsitate Zentro eta Sailen Konferentzia (CCDUTI) egin zen Gasteizko Letren Fakultatean. Josu Zabaleta izan zen gonbidatu, eta Euskal Herriko itzulpengintza-ikasketen hasierari buruz mintzatu zen. Haren hitzaldia duela gutxi eskuratu eta martxoko albiste honetan ekarri nahi izan dizuegu.