Joxe Austin Arrieta Prousten 'Swann-enetik' itzulpenaz mintzo Parisen
Joan zen ostiralean, azaroak 29, Joxe Austin Arrietak Comment traduire Proust - Colloque International de traductologie izenburuko jardunaldietan hartu zuen parte, Swann-enetik itzulpenaz hitz egiteko.
Aurten betetzen dira ehun urte Marcel Proust-en À la recherce du temps perdu (Denbora galduaren bila) obraren lehen liburukia, Du coté de chez Swann argitaratu zela. XX. mendean eleberrigintzan paradigma-aldaketa izugarria eragin zuten lauzpabost eleberrietako bat da À la recherche, aditu nagusien arabera. Hori dela-eta egin dira jardunaldiok Parisen, azaroaren 28an eta 29an, Proust-en idazlanen itzulpenak aztertzeko.
Euskaraz, 2010ean kaleratu zen Swann-enetik, Joxe Austin Arrietak itzulita, Literatura Unibertsaleko 149. alean. Mundu osoko itzultzaile eta espezialistak bildu ziren Parisen. Euskararekin batera, norvegiera, alemana, ingelesa, italiera, espainiera, katalana, grekoa, japoniera, txinera, vietnamera, errusiera, poloniera, mongoliera, turkiera, arabiera: hizkuntza horietara egin diren itzulpenen berri eman zen jardunaldiotan.
EIZIEk programa jadanik itxita zegoela izan zuen jardunaldion berri, baina, antolatzaileei gutun baten bidez gure interesa azaldu orduko, besoak zabalik egin ziguten harrera, eta halaxe Pariseratu zen Joxe Austin, Etxepare Institutuaren diru-laguntza bati esker eta Euskaltzaindiak ere babes gisako gutuna bidali ondoren.
Hona hemen Joxe Austinek berak Paristik bueltan kontatua, presakako balantze gisa: "…Interesez jarraitu dituzte azalpenak, eta tarteka barre edo irribarre ere egin dute pheredikiaren pasarte batzuekin ("le gèn spécific d'obstination auto-idéntitaire" eta abarrekin, adibidez), eta harritu ere bai –uste dut sinzeroki– gure hizkuntzaren zenbait ezaugarrirekin: gure deklinazioa, gure aditzaren aberastasuna, gure sintaxiaren bihurria… ("mais, alors, est-ce-qu'on peut traduire Proust comme ça? quand Proust lui même ne savait pas où aboutisserait-elle sa phrase?")… (moldatu naiz erantzuten, nik uste, zeren, gainera, japoniarrek, korearrek eta turkiarrek arazo berbera edo berdintsua baitute sintaxiarekin). Hitz bitan esanda: esperientzia interesgarria niretzat, eta testigantza ezinbestekoa, behar-beharrezkoa, gure hizkuntzarentzat. Maila akademiko handiko Kongresua izan da, nire ustez, eta ni aski desentrenatua izaki analisi semiotiko-semiologiko eta abarretan, baina tira, moldatu naiz. Eta kontsolamendua ere bai (kontsolamendu "topikoa" izan arren) zera ikustea, mundu guztian "txakurrak oinutsik" dabiltzala: tokian tokiko itzultzaileak ez direla sarri euren artean ere konpontzen, elkar kritikatzen dutela (batzuetan garrazki), eta. beno, ba, betikoa: la condition humaine beti bat eta bera dela nonahi".
Bere txostenaz gainera, Joxe Austin Arrietak irakurri zuen, halaber, Jean-Baptiste Orpustan Iparraldeko euskalari, Euskaltzaindiko kide eta unibertsitateko ikertzaile eta irakaslearen idatzi bat ere. Izan ere, Orpustanek baditu euskaratuak À la recherche-ko bi liburuki: lehen hori, zeinari Zuanen etxe aldean jarri baitio izenburua, eta Le coté de Guermantes (Guermantes-ko aldea). Bere webgunean ditu jarriak.