Nobel-truk, Jokin Zaitegi itzulpen bekari eusteko ekimena abian da

2013 Azaroa 15
Nobel-truk, Jokin Zaitegi itzulpen bekari eusteko ekimena abian da

Arrasateko AED elkarteak Nobel-truk abiarazi du Jokin Zaitegi itzulpen bekari ekonomikoki eutsi ahal izateko. Kutxa Fundazioak urtetan emaniko babesa ukatu dio aurten Literatura Nobel sarien obra euskarara ekartzea helburu duen ekimenari eta, ondorioz, euskaltzale eta kulturzaleei egiten die dei AEDk, diru-ekarpenak eginez sariketa bultza dezaten. Ekimena bizirik mantentzeko beste diru iturri batzuk jorratzen ere badabil elkartea, baina bere etorkizuna deialdi honek jasotzen duen erantzunaren baitan dago hein handi batean.

Nola egin Nobel-truk

Proposamena da 50 euroko diru ekarpenak eginez ekimenaren laguntzaile bihurtzea. Trukean, laguntzaile horrek bekari esker itzulitako azken obraren ale bat (Elkarrek ostiral honetan aurkeztuko duen Mo Yanen Hori da umorea, maisu!) jasoko du. Horretarako, ezinbestekoa da, abenduaren 21a baino lehen, dirua AEDren kontu korrontean sartu (elkartearen web gunean aurkituko dituzue zenbakiak) eta ziurtagiria aed@aedelkartea.com helbidera bidaltzea, izen-abizenak eta liburua jasotzeko helbidea garbi zehaztuz.

Debagoienako laguntzaileek Arrasate, Bergara edo Aretxabaletako euskara elkarteetan jasoko dute liburua, eta gainontzekoei ondoen datorkien helbidera igorriko zaie ekimena bukatu eta egun gutxira.

AED elkartearen izenean, mila esker aldez aurretik laguntzaile izango zareten guztioi.

Jokin Zaitegi sariketaren bilakaera eta uzta

AED elkarteak 1986 urtean sortu zuen Jokin Zaitegi kulturgile arrasatearrari eskainitako itzulpen sariketa. Ordu hartan euskaraz topatzeko zailak ziren gai eta testuak (zientifikoak, dibulgaziozkoak, filosofikoak...) euskaratu eta zabaltzeko helburuarekin ekin zion bideari sariketak. Baina, 2002an, garaietara egokitu beharra zeukala ikusirik, beste norabide bat eman zitzaion, izendatutako azken Literatura Nobel saridunaren lan esanguratsu bat euskarara ekartzea helburutzat jarriz. Harrezkero, Elkar argitaletxearen lankidetzari esker, bekarekin ondutako itzulpen guztiak argitara eman dira. Hauexek, zehazki:

  • 2002: Imre Kertészen Zorririk ez, Urtzi Urrutikoetxeak itzulia.
  • 2003: JM Coetzeeren Lotsaizuna, Oskar Aranak itzulia.
  • 2004: Hutsik geratu zen deialdia
  • 2005: Harold Pinteren Maitalea eta beste zenbait antzerki-lan, Iñigo Errastik itzulia
  • 2006: Orhan Pamuken Elurra, Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk itzulia.
  • 2007: Doris Lessingen Belarra kantari, Koro Navarrok itzulia.
  • 2008: JMG Le Clézioren Basamortua, Luis Berrizbeitiak itzulia.
  • 2009: Herta Müllerren Hatsaren kulunka, Ibon Uribarrik itzulia.
  • 2010: Mario Vargas Llosaren Pantaleon eta bisitariak, Santi Leonek itzulia.
  • 2011: Tomas Tranströmerren Bizientzat eta hilentzat poema guztiak, 1954-2004, Juan Mari Aguirreurretak itzulia.
  • 2012: Mo Yanen Hori da umorea, maisu!, Aiora Jakak eta Maialen Marinek itzulia.