'Harrotasuna eta aurrejuzguak' Urrezko Bibliotekan: aurkezpena, azaroaren 19an

2013 Azaroa 13
'Harrotasuna eta aurrejuzguak' Urrezko Bibliotekan: aurkezpena, azaroaren 19an

Urrezko Biblioteka bildumako beste liburu bat aurkeztuko dute datorren asteartean, azaroak 19, eguerdiko 12:00etan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan (Plaza Barria 15). Harrotasuna eta aurrejuzguak, Jane Austen. Itzultzailea: Ana Isabel Morales. Parte-hartzaileak: Ana Isabel Morales (itzultzailea), Iñaki Iñurrieta (EIZIEko lehendaria), Jokin Azkue (Euskara Sustatzeko Zuzendaria, Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila) eta Xabier Mendiguren Elizegi (editorea).

Harrotasun klasistak eta portaera sozialari buruzko aurrejuzguek gaizki-ulertu mingarri batera eraman dituzte Elizabeth Bennet eta Darcy jauna. Haiena bezalako gizarte estu eta hipokrita batean, biak elkarrengana hurbiltzea erabateko abentura izango da. Bide luze horretan Ingalaterra georgiarreko hainbat pertsonaia gogoangarri ezagutuko ditugu, baina guztien artetik Elizabeth Bennet argia eta jostaria nabarmenduko da, literatura unibertsalak ondutako izaki xarmagarrienetako bat.

Jatorrizko lana argitaratu zenetik 200 urte betetzean eskaintzen diogu euskal publikoari ingeles literaturak eman duen lanik handienetako bat, maitasunezko istorio bat baino askoz gehiago dena eta, urteak igaro ahala, kultura guztietako irakurleak liluratzen jarraitzen duena.