Kalean da SENEZ itzulpen aldizkariaren 44. zenbakia
Senez itzulpen-aldizkariaren urteroko alea argitaratu du EIZIE elkarteak. Aurtengo alearen sarrera duela gutxi zendutako Jean Haritschelhar elkartearen ohorezko bazkidea omentzeko artikulu bat da, eta, irteera, berriz, Donostiarekin batera 2016an kultur hiriburu izango den Wroclaw inguruko literatura poloniarra aditzera emateko sail baten aurreneko alea: Polonia helmuga, lehen geltokia. Izan ere, handik ekarriak dira Maciej Wojtyszko idazlearen 9 ipuin. EIZIEren webgunean dira artikulu horien eta gainerako guztien laburpenak. Webgunean dago, halaber, aldizkariaren harpidetza egiteko bidea.
Urtero bezala, euskaraturiko poema sorta bat ere badakar, honako honetan Mark Strand poeta ospetsuarena. Ohi denez, elkarrizketa bat ere argitaratu dugu, Jon Kortazarrek euskal literaturak itzuliak ere munduan duen tokiaz diharduena, luze eta zabal.
Sei artikuluk sakonago dihardute euskal itzultzaileek eta zuzentzaileek nork bere jardun alorrean izaten dituzten arazo eta oztopo teknikoak gainditzeko erabilitako moduez.
Teknologia berriek eta sare sozialek ere haien atalak dituzte ale honetan; bateko, elkarteak abian jarritako 31 eskutik
blogak urtebetean izandako emaitzen berri eta laburpena jasotzen ditu artikulu batek; beste batek, ordea, Jaurlaritzak babestuta laster argia ikusiko duen Itzulpen Memorien Banku Publikoaren ezaugarriak esplikatzen ditu.
Finlandiera-euskara elkarlaneko hiztegia aurkezten du beste artikulu batek, euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen lana errazteko asmoz etorri baita plazara.
Beste artikulu batean, elkartean ibilbide luzea izan duen itzultzaile-interprete bat mintzo da Jaurlaritzan kargu politikoa izan duen sasoian lanbidearen ingurukoekin izan duen harremanen gainean.
Beti bezala, kanpoko ekarriak ere bildu ditu aldizkariak ale honetara, dela beste hizkuntzetan argitaraturikoen berri emanda, dela Galiziatik etorritako bi artikulu euskaratuta.