Iñaki Mendigurenek eta Sarah J. Turtlek irabazi dute Itzulpeneko Euskadi Saria
Tom Sawyer-en abenturak (Alberdania-Erein-Igela, 2012) liburuarekin eskuratu dute Iñaki Mendiguren eta Sarah J. Turtle EIZIEko kideek 2013ko Itzulpeneko Euskadi Saria. Tom Sawyer-en abenturak, Mark Twainen The adventures of Tom Sawyer klasiko unibertsala, Galtzagorri Elkarteak sortutako Klis-klasikoak bildumaren baitan argitaratu zen iaz. Ingelesezko bertsio original eta osotik ekarria da euskarara, gazte zein helduen gozamenerako. Iñaki Mendiguren EIZIEko ohorezko bazkide da 2002az gero.
Karlos del Olmo epaimahaiburu zela, Isabel Etxeberria, Joxe Austin Arrieta, Bakartxo Arrizabalaga eta Xabier Mendigurenek hautatu dute Tom Sawyer-en abenturak liburua.
Epaimahaiaren ustez, "kalitatezko itzulpen bat da, XIX. mendeko klasiko estatubatuar bat XXI. gaurko irakurle gazteek nahiz nagusiek gustura irakurtzeko moduan ekarri dute, jatorrizko lanaren zailtasun guztien gainetik eta gaurko euskararen legeen azpitik. Jatorrizkoan agertzen diren aipuak euskaraz ematean, itzultzaileek euskal tradizio itzuliaren ekarria ere jaso dute, eta gaurko irakurlearentzat eginda dagoenez gero, arrotz gerta daitezkeen kultur elementuen berri eman dute oharren bitartez, irakurraldi erosoagoa lortzearren. Euskal itzulpengintzak gaur egun lortu duen mailaren adibide egoki-egokia da liburua".