Miren Ibarluzea itzultzailearen hitzaldia Baionan: "Zenbait euskal idazle garaikideren itzulpen-ohiturak eta -jarrerak"
Miren Ibarluzea itzultzaileak hitzaldi bat emango du Baionako IKER zentroan , "Zenbait euskal idazle garaikideren itzulpen-ohiturak eta -jarrerak" izenburupean, 2013ko azaroaren 5ean, goizeko 10:30etan. Euskal idazleen artean badira autoitzultzaileak, alegia, euren lanak itzultzen dituzten idazleak. Beste batzuek, ostera, gurago izaten dute langintza itzultzaile baten esku uztea. Azken kasu horretan, itzultzailerekin kolaboratzea erabaki dezake idazleak, eta kolaborazioa modu askotara egin daiteke. Bietarik probatu duenik ere bada. Lan honetarako, 14 euskal idazle garaikide elkarrizketatu ditu Miren Ibarluzeak, eta itzulpen-ohiturei eta -jarrerei buruz galdetu die.
Norberaren testuen itzulpena ez da, ordea, euskal idazle garaikideek itzulpenarekin duten lotura bakarra: idazle batzuk itzultzaile profesionalak edo itzultzaile profesional ohiak dira, beste batzuek ariketa gisa egiten dute, enkarguzko itzulpenak egiten dituzte, itzulpenez hitz egiten dute, eta lantzean fikzio-lanetan ere agertzen dira itzultzaileak eta itzulpenak.
Lan honetarako, 14 euskal idazle garaikide elkarrizketatu ditu Miren Ibarluzeak, eta itzulpen-ohiturei eta -jarrerei buruz galdetu die. Zer lotura dute darabiltzaten hizkuntzekin? Ohiko jarduera al da itzulpena idazleen egunerokoan? Itzultzailetzat ere ote dituzte euren buruak? Zergatik erabakitzen dute euren lanak autoitzultzea edo beste norbaiti ematea? Zer uste dute gaur egungo euskal itzulpenez? Euskal itzulpenak irakurtzeko ohiturarik badute?
Arantxa Urretabizkaia, Aurelia Arkotxa, Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Jon Alonso, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe, Xabier Mendiguren, Iban Zaldua, Kirmen Uribe, Ur Apalategi, Unai Elorriaga eta Harkaitz Cano. Hamalau idazleok erantzun dituzte Miren Ibarluzeak itzulpen-ohiturei eta -jarrerei buruz egindako galderak, eta euren itzulpen-esperientziak, euskal itzulpengintzari buruzko usteak, idazleon fikzioetan agertutako itzultzaileak eta itzulpenaz hitz egiteko darabiltzaten metaforak aletuko dira Baionan izango den hitzaldian.