Idazlea itzultzaileen lantegian. «Juan Kruz Igerabide: korapiloak deskorapilatzen»
Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, aurten ere Idazlea itzultzaileen lantegian itzulpen-tailerra antolatu du EIZIEk, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Lantegiak haur eta gazte literaturari erreparatuko dio aurten, besteak beste, eta Juan Kruz Igerabideren literatur testuak izango dituzte langai parte hartzaileek. Aritz Brantonek itzuliko ditu ingelesera, eta Monika Czernyk, berriz, polonierara. Elizabete Manterolak koordinatuko du tailerra.
Jendaurreko ekitaldiak
Lantegiaren emaitza Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean irailaren 30ean erakutsiko digute lantegikideek, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, arratsaldeko 19:00etan. Esperientziaren berri emango digute lehenik, eta irakurraldi hirueleduna eskainiko ondoren.
Aurten, gainera, lantegiaren emaitza Poloniara ere eraman ahal izango dute parte hartzaileek, Wroclaw-eko International Short Story Festival jaialdira, urriaren 5ean.