Literatura Unibertsaleko beste bi libururen aurkezpena

2013 Maiatza 16
Literatura Unibertsaleko beste bi libururen aurkezpena

Literatura Unibertsala bildumako beste bi liburu aurkeztuko dira maiatzaren 22an, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Gauzen ordena naturala (157), António Lobo Antunes. Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza. Ispilu hautsia (158), Mercè Rodoreda. Itzultzailea: Antton Olano Irurtia. Parte-hartzaileak: Iñaki Iñurrieta (EIZIEko lehendakaria), Jokin Azkue (Euskara Sustatzeko Zuzendaria), Iñigo Roque eta Antton Olano (itzultzaileak) eta Xabier Olarra (Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen ordezkaria).

Gauzen ordena naturala

Lobo Antunesen literatura esplikatzeko esan izan da Célinerekin bukatua zen literatura motatik abiatu zela baina psikoanalisiaren ekarria erantsirik.

Lobo Antunesen eleberrien artetik, Gauzen ordena naturala iruditzen zitzaion onena José Cardoso Pires idazleari. Egileak berak ez zuen dudarik, garai hartan: «Hau da idatzi dudan liburu onena; ez, ordea, seguru aski, nire erabatekoa».

Kritikarien aldetik harrera ona izan du nazioarte osoan, eta klasiko handien parean jarri dute. New Yorker aldizkariak, esate baterako, honako hau zioen: «Mundu zabaleko idazleen artetik psikologia-erretratugilerik trebeenetako bat». Liburu honetan, gertalekuak hara-hona dabiltza, denbora-aldaketekin bateratsu. Portugal osoa korritzen dute narrazioek, Galiziako mugan (Monção-n) hasi eta hegoaldean (Tavira-n) buka, Afrika hego-ipar zeharkaturik (Johannesburg, Mozambike eta Aljeria). Hala ere, gertakari gehienak Lisboa inguruan kokatzen dira, batez ere pertsonaien umezaroko Benfica auzoan.

Ispilu hautsia

Ispilu hautsia, Mercè Rodoredaren eleberri luzeena eta konplexuena, familia bateko hiru belaunaldiren historia da, Valldaura-Farriols familiaren sorrera, goraldi eta gainbeherarena, hain zuzen, eta toki eta denbora jakin batean gertatzen da: Bartzelonan, XIX. mendearen bukaeratik Gerra Zibilaren ondorengo urteak arte.

Toki nabarmena dute bertan Rodoredak bere obran zehar hamaika aldiz tratatu dituen gaiek eta kezkek: haurtzaroko paradisu galdua, familia barruko giro itogarria, nahi gabeko amatasuna, maitasunaren eta batez ere ezkon bizitzaren ezina, loreen unibertsoa, gerraren hondamena, gizakiaren bakardadea…; bai eta, modu lausoagoan bada ere, idazlearen beraren interes intelektualak ere: literatura, pintura, musika… Aldi berean, denboraren halabeharrezko joanak, arian-arian, pertsonengan eta gauzetan eragiten duen hondamendia du gogoetagai Ispilu hautsiak: denborak dena suntsitzen du eta oroimena –sobera mitifikatua askotan– da haren kontra dugun antidoto bakarra.