«Gaztelania xede V» mintegi praktikoa, izena emateko epea zabalik

2013 Martxoa 19
«Gaztelania xede V» mintegi praktikoa, izena emateko epea zabalik

Gaztelania xede V mintegi praktikoa antolatu du EIZIE elkarteak. Norentzat: Euskaratik gaztelaniara itzuli behar izaten duten itzultzaileentzat eta zuzenean gaztelaniazko testuak sortu behar izaten dituztenentzat. Irakaslea: Idoia Santamaría Noiz: 2013ko maiatzaren 7an eta 8an (asteartea eta astezkena) Non: Iruñean, Euskaldunon Biltokian Ordu-kopurua: Guztira, 8 ordu Ordutegia: 16:00 - 20:00 Prezioa: Bazkideak: 80 euro // Ez bazkideak: 120 euro Izena emateko epea: 2013ko apirialren 11 arte Oharra: Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna. 2012ko apirilaren 15ean jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez. IZENA EMAN

Helburuak: Helburua da euskaratik gaztelaniara itzultzean edo zuzenean gaztelaniaz idaztean egiten ditugun gramatika- eta ortografia-akatsak nabarmentzea, eta estilo- eta erregistro-arazoei erreparatzea, horiek guztiak baitira kontuan hartzekoak gaztelaniaz egoki idazteko. Horien osagarri, gaztelania lantzeko informazio-iturri batzuk (paperean eta sarean) aipatu eta erabiliko ditugu mintegian, eta horien artean, bereziki, RAEren gramatika berria (2009koa) eta ortografia berria (2010ekoa), zenbait aldaketa eragin baitituzte azken lan arauemaile horiek. Halaber, Cervantes institutuak iaz argitaratu zuen El libro del español correcto (Claves para hablar y escribir bien en español) ere izango dugu hizpide.

Edukia: Ortografia-akats nagusiak (puntuazioa, ortografia berriak ekarri dituen zenbait berrikuntza, gutunetan kontuan hartu beharrekoak); lexiko-arazo batzuk (aditz batzuen erabilera gehiegizkoa, kolokazioak, ohitura txarrak, erregistro-arazoak); joskera-akats batzuk (gerundio ustelak, galizismoak, preposizioen erabilera okerra); lokailu eta testu-antolatzaileen erabilera (kohesioa); ordena-arazoak; estiloa eta erregistroa.

Metodologia: Ikasleei testu batzuk bidaliko zaizkie aldez aurretik, eta testu horien itzulpena helarazi beharko dute EIZIEra data jakin baterako. Irakasleak, gero, itzulpen horiek abiapuntu hartuz, mintegian denon artean eztabaidatzeko zuzenkizun eta proposamenak landuko ditu. Oso garrantzitsua da, beraz, ikasleek itzulpenak egitea eta EIZIEra garaiz bidaltzea.

Denbora izanez gero, pare bat ariketa ere egingo ditugu ikastaroan, han-hemen jasotako adibideak (egunkarietako adibideak, gutun elebidunak...) aztertzeko.