Takiji Kobayashi-ren "1928-03-15" liburua Euskarari Ekarriak webgunean
Armiarmak Hiromi Yoshidak japonieratik euskarara itzulitako liburu argitaragabe bat jarri du Euskarari Ekarriak webgunean: Takiji Kobayashi idazlearen 1928-03-15 . Liburua ez dago itzulirik ez ingelesera, ez frantsesera, ez eta gaztelaniara. Euskarari ekarriak webgunean dago irakurgai, halaber, Hiromi Yoshida-k Literatura Unibertsala bildumarako itzuli zuen Yuko Mishima-ren Arratsaldeko Atoiontzia .
Japoniako literatura proletarioa deitutakoaren idazle behinena da Takiji Kobayashi. Obra laburreko idazlea, 29 urte zituela hil zuten torturaturik. Langile klaseak eta mugimendu obrero eta komunistak 1920ko hamarkadan bizi izan zituenak kontatzen ditu bere literaturak.
Japoniako historian data lazgarria da 1928ko martxoaren 15a; egun hartan hasi eta hilabete batzuetan milaka lagun atxilotu zituzten, torturatu eta, epaiketa luze baten ondoren, zigor gogorrak ezarri. Senki (Bandera Gorria) aldizkarian 1928-03-15 kontakizuna argitaratu zuen Kobayashik, gertakari haiek azaltzen.