Literatura Unibertsaleko beste bi libururen aurkezpena
Literatura Unibertsala bildumako beste bi liburu aurkeztuko dituzte datorren ostiralean, martxoak 8, goizeko 11:00etan, Donostiako Udal Liburutegian. Meaulnes handia (155), Alain-Fournier. Itzultzailea: Monika Etxebarria. Bizitza amets (156), Pedro Calderón de la Barca. Itzultzailea: Xabier Payá. Parte-hartzaileak: Bakartxo Arrizabalaga (EIZIEko lehendakaria), Jokin Azkue (Euskara Sustatzeko Zuzendaria), Monika Etxebarria eta Xabier Payá (itzultzaileak) eta Xabier Olarra (Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen ordezkaria).
Meaulnes handia
Frantsesezko eleberri irakurrienetakoa da, klasiko bihurtua. Ehunka nerabe identifikatu dira heroi idealista, zoritxarreko eta abenturazale horrekin, eta herekin amets egin. Oroimenean gorde dituzte herriko eskolako eszenak, gaztelu miresgarri baten aurkikuntza edo neska maitatuaren agerpena eta galera.
Baina liburua irakurterraza bada ere, eta maiz gazteentzako irakurgai gisa gomendatzen den arren, horrek ez du ezertan mugatu lanaren irakurle mota, eta ez da inola ere oztopo irakurketa konplexuago baterako. Nagusiki nerabe batek nerabeentzat idatzitako nerabe historia bat bada ere, baditu hainbat elementu edo alderdi eleberrigintzaren joera garrantzitsuekin lotzen dutenak.
Bizitza amets
Ez da edozein antzezlan: literatur mugimendu barrokoari atxikitzen zaion lana 1635ean estreinatu zen eta Pedro Calderón de la Barca autore espainiarraren antzerki-obra ezagunenetako bat da. Publiko zabaleko tragikomediak hiru ekitaldi eta 41 agerraldi ditu. Hiruko egitura agerikoa da atalen xedean eta tonuan: lehenak balio liriko nabarmena du; bigarrenean, funtsean ekintza nagusiak gertatzen dira; eta hirugarrenak gogoeta du helburu. Gaiari dagokionez, antzerkiak gizabanakoen patuaren eta askatasunaren arteko talka du langai, Barrokoko beste hainbat lanen ildoari jarraiki: ameslariak zer amets egiten duen ez dakien bezalaxe, gizakiak ez du bere bizitza erabakitzen, baina Segismundo protagonistak aurre egingo dio patuari.