Aiora Jaka eta Maialen Marin, Zaitegi Sariaren irabazle
Txineratik zuzenean itzuliko dute Mo Yan nobel saridunaren ipuin bilduma bat. Aiora Jaka eta Maialen Marin donostiarrek irabazi dute Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Rafa Egiguren, Miren Ibarluzea eta Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle eta itzultzaileek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko hogeita hiru lanen artean. Azpimarratzekoa da, horietatik lau zuzenean aritu direla txineratik, euskal itzultzaileen mailak eta txinatar kulturaren ezagutzak egin duten gorakadaren seinale.
Proiektu guztien artean Jaka eta Marinena aho batez hautatu zuen epaimahaiak, bera zelakoan jatorrizkoari ondoen lotzen zitzaiona, batetik, eta euskaraz ondoen funtzionatzen zuena, bestetik. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Mo Yan idazle suediarraren ipuin bilduma bat (behin-behingoz Nagusia gero eta umoretsuago dago izena daramana) euskaratu beharko du itzultzaile bikoteak, eta 2013 honetako amaiera baino lehen emango du argitara Elkar argitaletxeak.
2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau.