Idazlea Itzultzaileen Lantegian, 2012. Pizti jendea: katuak, itzultzaileak eta idazleak
Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, aurten ere Idazlea Itzultzaileen Lantegian antolatu zuen EIZIEk, Paueko Unibertsitatean (UPPA), 2012ko urriaren 16tik 18ra. Webgunean ikusgai jarri dugu lantegia. Jendaurreko emanaldiaren bideoa, argazkiak, Itziar Otegiren narrazioa: Pizti jendea: katuak, itzultzaileak eta idazleak Gainera, liburu batera ekarri da Paueko jardunaren emaitza: Eider Rodriguezen Katu jendea, 5 hizkuntzatan . Argitalpen hau, Etxepare Institutuak sorturiko Euskal Sortzaileak Saila bildumako hirugarren zenbakia da.
Bi katu: Lili eta Aitatxi. Bi katu-jabe: Agnès eta Yves. Bost itzultzaile: Joana Pochelu, Henrike Olasolo, Peter Smaardijk, Gabrielle Schwab eta André Gabastou. Idazle bat: Eider Rodriguez. Alegiazko zein hezur-haragizko «piztia» horiek guztiak, eta beste batzuk gehiago, bildu ginen Paueko Unibertsitateko areto dotore batean, 2012ko urriaren 16tik 18ra bitartean. Gure artean eserita izan genituen, orobat, Amy Winehouse, Borges eta Bernardo Atxaga (metaforikoki, uler bedi). Hizpide, Eider Rodriguez-en ipuin bat, Katu jendea, eta ipuin honen gaztelaniazko biki ez-siamesa: Gatos. Katuok bazituzten ordurako, garatze-bidean oso aurreratuak, beste senide batzuk ere: Chats (A. Gabastouk gaztelaniatik frantsesera itzulia), Tant de chats (J. Pocheluk euskaratik frantsesera itzulia), Katmensen (H. Olasolok eta P. Smaardijk-ek, euskaratik nederlanderara itzulia) eta Katzenmenschen (G. Schwab-ek euskaratik alemanera itzulia). Paperezko edo sareko egunaren argira jaio aurretik, beste aldaketa batzuk jasan behar zituzten artean ere senideok, beren gurasoen baitan: dela ilajea findu eta dotoretu, dela kolorea pixka bat aldatu, dela han-hemenka formaren liraintasunari oztopo egiten zion gorabeheraren bat leundu. Katu-izangaiok osatzen, fintzen eta edertzen jardun genuen, beraz, hiru egunez.