Azurmendiren ibilbide oparoa omendu du Euskal Liburuaren Gauak
dabilen elea saria banatu zen 2012ko azaroaren 5ean Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian. Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea urtero ematen dute sari hori liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Aurten Joxe Azurmendik eskuratu du.
Gonbidatuen hitzetan, ekitaldi hunkigarria izan da 2012ko Liburuaren Gaua. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatu, Hedoi Etxartek poesiaz busti eta Juantxo eta Xabi Zeberiok jantzi dute musikaz. Lorea Agirre kazetariak, Joan Mari Torrealdai idazleak, Xabier Mendiguren Elizegi editore eta idazleak, eta Olatz Osa Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariordeak hartu dute parte Azurmendiren ibilbide oparoaren erakusgarri izan den ekitaldian.
Aurtengo edizioan, gainera, dabilen elea sariaren oroigarri berria jaso du Joxe Azurmendik. Hain zuzen ere, Antton Olariaga ilustratzaileak bereziki Azurmendiri eskainitako ilustrazioa egin du, sariaren oroigarri gisa. Ilustrazio hori iazko saridunaren eskutik, Mariasun Landaren eskutik jaso du.