Xabier Olarrak eta Arantzazu Royok irabazi dute Itzulpeneko Euskadi Saria
Alaa Al Aswani egiptoar idazlearen Jakobian eraikina nobelaren itzulpenagatik ( Igela , 2011) jaso dute Xabier Olarrak eta Arantzazu Royok aurtengo Itzulpeneko Euskadi Saria. Epaimahaikideen ustez, «hizkuntza kalitate ona» erakusten du Royo eta Olarraren lanak. «Hizkera aberats eta joria nabari daiteke testuan. Ederki josi dute itzultzaileek euskaraz pertsonaia ezberdinei buruzko zatitxoz osaturiko puzzlea». Horrez gain, Egiptoko kultura «gurera gerturatzeko ahalegina» egin dute itzultzaileek. «Azpimarratzekoa da jatorrizko testua arabieratik euskarara zuzenean ekartzearen meritua. Itzultzaileek duintasunez gainditu dituzte arabieratik euskarara itzultzeko zailtasunak. Orobat, jatorrizkoan agertzen diren pertsona eta toki izenak euskarara egokitzeko egindako ahalegina ere nabarmendu nahi du epaimahaiak».
Xabier Olarra Lizaso (Tolosa, 1953)
Filosofia eta Letretan lizentziatua da (Hizkuntza Erromanikoetan, hain justu) eta, hainbat urtez euskarako eta euskal literaturako irakaslea izana bada ere, 1988tik 2010era bitartean Nafarroako Gobernuko itzultzaile izan da. Itzultzaile gehienek ez bezala, Olarrak literatur itzulpengintzaren lubakiaren bi aldeak ezagutzen dituela esan daiteke: alde batetik, hogei urte egin ditu literatura itzultzen, bere kutuna duen genero beltzeko eleberriak, besteak beste; bestetik, editore lana zer den ere ondo ezagutzen du, 1989ko apirilean Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera Igela argitaletxea osatu zuenetik.
1983an itzuli zuen bere lehen lana, eta harrezkeroztik hainbat eta hainbat lan euskaratu ditu. Bere itzulpenetako zenbait: Antropologo bat Marten (Oliver Sacks), Postariak bi aldiz deitzen du beti eta Iruzurgilea (James M. Cain), Azken hitzordua (Sandor Márai), Deabruaren Hiztegia (Ambrose Bierce), Kameleoientzako musika, Odol hotzean eta Eskuz landutako hilkutxak (Truman Capote), Historiarik goibelena (Madox Ford Ford). Aipatutakoez gain, beste hainbat autore ezagun ere itzuli ditu: hala nola Ernest Hemingway, Robert Louis Stevenson, Jack London, William Faulkner, Jim Thompson, W. Somerset Maugham, Philippe Claudel... Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuaren itzulpenari esker jaso zuen 2006an Euskadi Saria.
Arantzazu Royo Manterola (Hernani, 1967)
Hogei urte pasa daramatza EIZIE elkartean bulegari.
Itzulpen eta Interpretazioan lizentziatua, 2004an.
Literatur itzulpenari dagokionez, lantaldean hasi zen H.C. Andersenen 19 ipuin (Ibaizabal, 1997) euskaratzeko, Martxel Eguen itzultzaile-taldearekin.
Arabiera eta itzulpengintza, biak lantzeko asmoz, Mohamed Xukri idazlearen Ogi hutsa liburua itzuli zuen arabieratik (Igela, 2010), eta Xabier Olarrarekin lankidetzan jardun zuen gero Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina liburuaren itzulpenean. Mohamed Xukriren Hutsegiteen garaia (trilogia ospetsuaren 2. liburukia) lanaren itzulpena du orain esku artean.