Joxe Azurmendik jasoko du 2012ko "dabilen elea" saria

2012 Urria 30
Joxe Azurmendik jasoko du 2012ko "dabilen elea" saria

Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian jasoko du saria Joxe Azurmendik , 2012ko azaroaren 5ean, 20:00etatik aurrera, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan . Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek —Euskal Editoreen Elkarteak ( EEE ), Euskal Idazleen Elkarteak ( EIE ), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak ( APIE-EIEP ), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak ( EIZIE ) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak— emango diote 2012ko dabilen elea saria Azurmendiri, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa.

Joxe Azurmendi Euskal Herriko pentsalari emankor eta erudituenetakoa da. Euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta; etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren, eta, orokorrean, filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko eta asko plazaratu ditu. Jakin irakurgaiak-eko zuzendaria izan zen; Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat; eta EHUko irakaslea da. 2010ean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

Euskal Liburuaren Gaua

Urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik.

Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola, argitaratzaileena, idazleena, irudigileena, itzultzaileena…, eta honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan: Antton Olariaga (2008), Juan Mari Torrealdai (2009), Itxaropena argitaletxea (2010) eta Mariasun Landa (2011).

Bosgarren edizio honetan, Kutxaren babesa izan dute bost elkarteek ekitaldia antolatzeko, bai eta Donostiako Udalaren laguntza ere.

Ekitaldia

Euskal Liburuaren Gaua azaroaren 5ean izango da, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia, eta Juantxo Zeberio pianistak jantziko du musikaz.

Aurtengo edizioan dabilen elea sariaren oroigarria aldatu egingo da. Hain zuzen ere, Antton Olariaga ilustratzaileak bereziki Azurmendiri eskainitako ilustrazioa egin du, sariaren oroigarri gisa. Ilustrazio hori iazko saridunaren eskutik jasoko du Joxe Azurmendik, eta, besteak beste, Lorea Agirre kazetariak, Joan Mari Torrealdai idazleak, Xabier Mendiguren Elizegi editoreak eta Hedoi Etxarte poetak hartuko dute parte idazlearen ibilbide oparoaren erakusgarri izango den ekitaldian.

Ospakizuna ondo amaitzeko, kopatxo bat izango da.

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941)

Olerkari, kazetari, kritikari, saiogile eta filosofo euskalduna (Zegama, 1941). Arantzazun, Erroman eta Münsterren egin zituen Ikasketak. Euskaltzaindiko urgazlea. EHUko irakasle da gaur egun. Jakinen eta Eganen hasi zen idazten. Hitz berdeak (1969) poema liburua argitaratu zuen. Horrez gainera, Arbola beltzaren poema eta Manifestu atzeratua poemekin euskal poesiaren berrikuntzarako urrats handiak eman zituen.

Saiakerek eman diote, ordea, ospe handiena: Hizkuntza, etnia eta marxismoa, Kultura proletarioaz, Errealismo sozialistaz, Zer dugu Orixeren kontra?, Zer dugu Orixeren alde? Mirande eta kristautasuna, Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan. El hombre cooperativo, Gizona abere hutsa da, Gizaberearen bakeak eta gerrak dira bere argitalpenik garrantzizkoenak.