Urrezko Bibliotekako beste bi libururen aurkezpena: 'Gulliverren bidaiak' eta 'Hamlet'
Urrezko Biblioteka bildumako beste bi liburu aurkeztuko dituzte datorren astelehenean, urriak 29, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Udal Liburutegian. Gulliverren bidaiak, Jonathan Swift. Itzultzailea: Iñaki Mendiguren Hamlet, William Shakespeare. Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia Parte-hartzaileak: Bakartxo Arrizabalaga (EIZIEko lehendakaria), Begoña Muruaga (jardunean den Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskara Sustatzeko Zuzendaria), Juan Garzia Garmendia (itzultzailea), Iñaki Mendiguren (itzultzailea) eta Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar argitaletxeko editorea).
Gulliverren bidaiak - Jonathan Swift - Iñaki Mendiguren (itzultzailea)
Literatura fantastikoaren gailurretakoa da obra hau, baina baita askoz gehiago ere. Gulliverrek bisitatzen dituen herrialdeetan ezagutuko dituen izaki, gizaki, ohitura eta gertaera harrigarriek abenturetako nobelen artean kokatu izan dute (Liliputen, ñimiñoak dira bertako biztanleak; Brobdignag-en, bera da nano hutsa hango herritar erraldoien artean, eta abar...) Horrez gain, baina, satira historikoa azpimarratu behar da, une hartako Irlanda eta Ingalaterrako hainbat pertsonaia eta gertaera historiko erretratatzen edo kritikatzen dituena. Eta, horrekin batera edo gainetik beharbada, satira unibertsala dugu, gizakiaren makurkeriak eta ustelkeriak salatzera daramana, hura onbideratzeko asmoz, betiere.
Hamlet - William Shakespeare - Juan Garzia Garmendia (itzultzailea)
Hamlet printzearen aita pozoiturik hil, eta hiltzailea amarekin ezkondurik dago orain. Errege zendua mamu gisa azaldu zaio semeari, gertatu zaiona azaldu eta mendekua eskatzeko. Horra antzezlan honen abiapuntua; hortik aurrera, hainbat adarretan zabaltzen den obra aberats, konplexu, askotarikoa, inplikazio politiko, filosofiko eta erlijiosoak dituena. Mila aldiz antzeztu denez, herrikoi bezain ezagunak dira zenbait pasarte: Izan ala ez izan... Alabaina, geruza askotako tipula dugu tragedia hilezkor hau; traizioa, maitasuna, eromena, mendekua, intzestua edo adiskidetasun bezalako gaiak lantzen dira; egiaren eta irudipenaren arteko mugak lausotu egiten dira: ez dakigu Hamlet eroturik dagoen ala itxurak egiten dabilen, antzerkiaren barruko antzezpen batek aurreratzen du ekintza Horiek guztiak, hizkuntza jaso, erretoriko, mila ñabarduraz beteriko batean kontatuta.