'Doblaje vs. subtitulación' erakusketa Donostian
Iturria: Pantailen bestaldekoa itzultzen . Berria (2012-09-11) Bikoizketaren eta azpidatzien inguruko gogoeta piztu nahi duen erakusketa osatu dute Okendo kultur etxean (Donostia), urriaren 13ra bitarte. Dokumental baten emanaldia Hilaren 25ean, Alfonso S. Suarezen Voces en imágenes dokumentala emango dute kultur etxean bertan. Espainiako bikoizketan aritzen direnei buruzkoa da, eta beren lanbideak dituen alde on eta txarrei buruz, egin behar diren esfortzuez, anekdotez, oroitzapenez eta abarrez hitz egiten dute. Gisa berean, bikoizketako oinarrizko itaunak lantzen ditu: zenbateraino errespetatu behar den jatorrizkoa, zenbateraino sortu, eta halakoak. Amaitzean, eztabaida irekia egingo dute.
Erakusketa «arinagoa» bihurtze aldera, ikus-entzunezko euskarriak erabili dituzte, film ezagunen zatiak eta gisakoak, hainbat irudi, grafiko eta testurekin batera. Denbora lerro baten bidez, zinemaren historiari begiratu bat egin diote, eta egunik esanguratsuenak tamaina handiagoan nabarmendu dituzte. Izan ere, zinema mutuaren garairako sortua zen eztabaida, tarteko tituluak zirela-eta lanak hizkuntza batetik bestera itzultzeko beharra baitzegoen. Ondorengo zinema soinudunaren hastapenen berri ematen du erakusketak, eta baita bertsio eleaniztunena ere. Halaber, ikus-entzunezko itzulpenaren berezitasunak ere argitu nahi ditu erakusketak, tartean dauden testu hutsetik haragoko faktore anitz aztertuz: irudien presentzia hutsa, ikusmenezko eta entzumenezko kanalen garrantzia, dialektoen arteko ñabardurak, eta beste. «Hamabost urte daramatzagu azpidatziekin lanean», azaldu du Alfredo Alvarez erakusketaren komisarioak, «eta ezkutukoa bezain ezinbestekoa den zeregina iruditzen zaigu. Horregatik antolatu dugu hau: itzulpenen inguruan historian izan den bilakaera kontatzeko».