Itzulpengintza eta Teknologia graduondorako matrikula aldia zabalik
Dagoeneko zabalik dago EHUko Itzulpengintza eta Teknologia graduondoan izena emateko epea. Itzulpengintzako lizentziadunei zein goi mailako ikasketak dituzten itzultzaile profesionalei zuzendua da graduondo hau.
Aurreko mezu batean iragarri genuen 2012-13 ikasturtean Itzulpengintza eta Teknologia graduondoa abiatuko zela EHUn, eta, oraingoan, matrikula epea zabalik dagoela eta EHUko webguneko informazioan zeuden akats batzuk zuzenduta daudela agertu nahi dugu.
Informazio zehatza UEUko webgunean zein EHUkoan jarrita dago, eta aurre matrikula UEUko orri horren amaieran dagoen estekan edo EHUko orri honetan egin daiteke.
Esan bezala, ikasketak, nagusiki, itzulpengintzako lizentziadunei eta itzultzaile profesionalei begira prestatu dira, eta, azken horiei dagokienez, nahikoa izango da goi mailako ikasketak (edozein alorretakoak) izatea matrikula egin ahal izateko, hasierako egunetan EHUko webgunean horri buruzko informazio okerra agertu bazen ere.