'El ojo de Polisemo' jardunaldien berri
Joan den maiatzaren 10etik 12ra, ACEtt itzultzaileen elkarteak eta Pompeu Fabra unibertsitateak antolaturik, El Ojo de Polisemo jardunaldiak izan ziren Bartzelonan, literatur itzultzaile profesionalei eta itzulpengintzako irakasle zein ikasleei zuzenduak. Han izan ziren EIZIEko ordezkariak ere, eta hango berri eman nahi izan dute.
Jardunaldien gai zentrala Itzultzailearen ikusgaitasuna: literatur itzulpenen kritika hedabideetan izan zen, eta zuzenean nahiz zeharka horrekin lotutako hitzaldi eta mahai-inguruek osatu zuten programa.
Itzultzaileak hedabideetan duten lekuaz aritu ziren, esaterako, "La literatura traducida en la prensa escrita (Lluís Mª Todó, Segi Doria)" eta "(In)visibilidad: el traductor en los medios de comuniación (Emili Manzano, Jordi Cervera)" mintzaldietan: itzulpen-kritikak egiteko moldeak, berritzulpenak kritikatzeko moduak, kritikarien formazioa, itzultzaileak hedabideetan behar lukeen presentzia
Literatur itzultzaileen prestakuntzari eta itzultzaile hasiberriei bideratutako mahai-inguruak, hitzaldiak eta foroak ere izan ziren: itzultzaile-gaiek izan beharreko ezaugarriak, kontratuen inguruan jakin beharrekoak, editoreekiko lehenengo harremanak
Azkenik, literatur itzulpenen edizio prozesua ere izan zen gogoetagai. Alde batetik, editorearen eta itzultzailearen arteko harremanaz hitz egin zen, luze-zabal, etxe batetik bestera zer nolako aldeak izaten diren, esate baterako, baina, batez ere, editoreen ezinbesteko lana aldarrikatu zen.
Beste alde batetik, kontratu digitalek dakarten iraultzaz hitz egin zuten adituek: plataformek jarritako baldintzak, itzultzaileen eskariak Paperezko liburuaz ez bezalako eskubideak landu eta hitzartu beharko dira gero eta egile eskubide gehiago egonik ere egileak gero eta ikusgaitzagoak diren sasoiotan.
Aurrerago, Vasos Comunicantes aldizkarian argitaratuko dituzte programako ekitaldiak.