Elizabete Manterolak tesia itzulpengintzaz
Elizabete Manterola EIZIEkideak otsailaren 24an aurkeztu zuen tesia, EHUren Gasteizko Letren Fakultatean. Honakoa du izenburua Manterolaren lanak: "Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia". Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa egin du. Ibon Uribarri izan du zuzendari, eta tesi defentsan honako epaimahaikide hauek izan ziren: Ur Apalategi, Xosé Manuel Dasilva, Jon Kortazar, Raquel Merino eta Julio César Santoyo.
Ikerketa-lanean euskal literatura itzulia aztertzea izan du helburu nagusi. Horretarako, euskal literaturatik beste hizkuntzetara zer itzuli den aztertu nahi izan du.
Lehenik, itzulitako liburuen katalogoa osatu du, hainbat ikuspegiren arabera aztertzeko (autoreak, generoak, xede-hizkuntzak, etab.). Hala, fenomenoaren ikuspegi orokorra izan zezakeen jada doktore dugunak. Gure literatura-sistema diglosikoa eta konplexua izanik, hainbat itzulpen-bide identifikatu ditu Manterolak katalogoaren azterketan: batetik, autoitzulpena, kolaborazioa eta itzulpen alografoa gaztelaniaz; bestetik, zuzeneko eta zeharkako itzulpenak gainerako hizkuntzetan.
Bigarrenik, itzulpen-motak aztertzea eta alderatzea izan du helburu, eta, horretarako, Bernardo Atxagaren lan batzuk aukeratuta aztergaia mugatu du. Corpus murriztu horren bitartez aipatutako itzulpen-moten arteko alderaketa egin du Manterolak.