Eusko Jaurlaritzak gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa aurkeztu du
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gaztelaniatik euskarara itzultzen duen itzultzaile automatikoa aurkeztu zuen atzo Bilboko Alhondigan. Tresna lagungarria izango da testu labur orokorrak itzultzeko, bai eta webguneak itzultzeko ere. Dokumentu luzeagoak ere euskaratuko ditu, baina funtzionaltasun hori Eusko Jaurlaritzako intranetean bakarrik erabiliko da.
Itzultzaile automatikoa "laguntza-tresna bat" dela nabarmendu du Jaurlaritzak. Beraz, itzultzaile automatikoak euskarara emandako itzulpena erabili nahi bada aurkeztu edo argitaratu nahi den dokumentu edo testuren batean sartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik itzulpen hori giza itzultzaile batek aztertzea eta zuzentzea. Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordearen aburuz, "ahalik eta euskarazko itzulpen zuzenena lortzeko oso garrantzitsua da gaztelaniazko testua ondo idatzita egotea: akats ortografikorik gabe, azentuak zuzen ezarrita eta puntuazio markak egoki erabilita; gainera, sintaxia zuzena eta ez oso konplexua izan behar da".
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurrerantzean lanean jarraituko du gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa hobetzen. "Baina, aldi berean, esan behar da une honetan euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara itzulpen-noranzkoetan lan egiten ari dela eta, hortaz, 2013ko udarako prest egotea aurreikusten dela. Lan-ildo hau abian da, beraz, eta etengabe landu eta hobetu beharko da. Finean, helburua da itzulpen automatikoaren sistema integral on bat izatea, eta hori gertatuko da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza orain ere lantzen ari den Itzulpen-memorien Banku Publikoarekin lotura egiten denean", azpimarratu du Lurdes Auzmendi sailburuordeak.