Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi

2012 Urtarrila 17
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi

Donostiar hizkuntzalari, idazle eta politikari ezaguna Donostian hil zen, 2012ko urtarrilaren 14an, 82 urte zituela. EIZIEren ohorezko bazkide zen.

Txillardegiren biografia guztietan nabarmentzen denez, euskara batuaren eragile sutsuenetako bat izateaz gain, euskal literatura modernoaren bidean mugarri garrantzizkoak ipini zituen, Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin.

Horrez gain, unibertsitateko irakasle izan zen lanbidez, eta ekarpen guztiz berritzaileak egin zituen euskal soziolinguistikaren esparruan.

Beraren itzulpengintza lana izango da, ziur aski, ezezagunena. EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuen, eta Itzulpen Antologia 3 argitalpenaren barruan, Albert Memmi-ren Portrait du colonisé liburuaren lagin bat argitaratu genuen, Txillardegik euskaratua. Beste itzulpen lanak ere argitaratu zituen: Bertrand Russell-en Bertrand Russellen azken iritziak (Herri Gogoa, 1970) eta Célestin Freinet-en Berezko irakurpidea (Izarra, 1972).


Argazkia (CC BY-SA): Ahotsak.com