Aiora Jakak doktore-tesia irakurri du
Lehengo ostiralean, Aiora Jaka elkartekideak «Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan» doktore-tesia irakurri zuen UPV/EHUren Letren Fakultatean , Gasteizen. Marijo Olaziregi, Aurelia Arkotxa, Idurre Alonso, Ibon Uribarri eta Amelia Barquín doktoreak izan zituen epaimahaiko, eta Gidor Bilbao doktorea, tesi-zuzendari.
Jakaren lana hiru ataletan banatuta dago. Lehenbizikoan, itzulpen-teoriaz jardun du. Itzulpengintzaren inguruko diskurtsoan hiru aro direla azaltzen du: diskurtso enpirikoa, teoria urri duena eta jardunaren gaineko gogoeta soila dakarrena; diskurtso modernoa, XIX. mendeaz geroztik garatzen hasia eta jatorrizkoarekiko fideltasuna aldarri duena, eta diskurtso postmodernoa, itzultzailearen esku-hartzea defendatzen duena. Jakak diskurtso modernoa eta postmodernoa aurrez aurre jartzen ditu, bataren a prioriko eta bestearen a posterioriko irakurketak agerian uzteko: diskurtso modernoan, testuak berak du zentzua, eta postmodernoan, berriz, irakurleak edo itzultzaileak ematen diote. Sarrionandiaren lana gogoeta postmoderno horren barruan kokatzen du, iurretarrak testuak (gehienak poemak) nahierara moldatzen baititu, askotan izenburuak ere mudatzeraino.
Bigarren atalean, euskal itzulpengintzaren historiaz dihardu Jakak, Leizarragatik gaurdainoko euskal itzultzaileek itzulpen-lanaz egindako hausnarketak bilduz. Lan benetan eskerga egin du doktore berriak, denontzat jakingarri eta etorkizunerako oinarrizko izango dena euskal itzulpengintzaren historia aztertu nahi duen ororentzat. Jon Mirande eta Gabriel Arestiren mugarria erakusten digu, ibilbide horretan, literatura-asmo hutseko itzultzaile aurrendari gisa, eta Sarrionandia horien segidako aurkezten digu.
Hirugarren atalean, tesiaren «tesia» agertu digu Jakak, bi hipotesi ardatz harturik: Sarrionandia itzultzaile postmodernoa dela eta lehenbiziko euskal itzultzaile postmodernoa dela. Horren frogagarri, bizkaitar sortzaileak itzulpengintzaren inguruan egindako gogoeta eta horren praxia baliatu ditu. Tesiaren atalik mamitsuena da hau, eta zabalago lantzea merezi luke, baina batez ere alderdi hauek nabarmenduko genituzke: apokrifoen erabilera (itzulpen-itxurako sorkuntza-lanak); zubi-hizkuntzen erabilera (ez dio axola jatorrizkoa erabili ala ez); testuen manipulazioa (zatitu, berrantolatu, moztu...).
Sarrionandiak, beraz, itzulpengintza sorkuntzaren betean sartzen du, norberak idatziak eta jasoak ia ezin bereizteko maneran, itzulpenen itzulpen baitira jatorrizko lanak ere. Hor, Barthes, Borges eta beste hainbeste egile datozkioke gogora irakurleari, bai eta testuartekotasun, plagio eta antzeko kontzeptuak ere. Iurretarraren sorkuntza-lanari ere begiratu dio Jakak, poemen bariazioak, testuen imitazioak eta besteren testuei emandako erantzun gisakoak nabarmenduz.
Epaimahaiko guztiek, aho batez, aitortu zuten lana didaktikoa eta txukun idatzia dela. Orobat, postmodernitatea definitzeko zailtasuna nabarmendu zuten epaimahaikideek, eta zenbait adierazpen jakingarri egin zituzten auzi horretaz.
Epaimahaiak bikain iritzi zion Jakaren lanari, eta, horrenbestez, amaitu zen ekitaldia. Aipatzekoa da, orobat, Aiora Jaka dela UPV/EHUn Itzulpengintza ikasi eta han doktore-titulua lorturiko lehenbiziko ikertzailea. Uzta oparoa izan dezagula aurrerantzean ere. Zorionak, Aiora!