Kalean da SENEZ itzulpen aldizkariaren 41. zenbakia
Senez itzulpen-aldizkariaren urteroko alea argitaratu du EIZIE elkarteak. Euskal itzulpengintza nahiz mundu zabalekoak zertan diren jaso nahian, zenbaki horretan, besteak beste, irakurgai doaz Xabier Leteren itzultzaile alderdiari buruzko artikulu bat eta Clara Janés poeta eta itzultzaileari egindako elkarrizketa bat.
Hona hemen editorialaren hitz batzuk, aldizkariaren zuzendari Karlos del Olmok idatziak:
Bizi gaituen krisiaren larria gorabehera, beti bezala edo gehiago itzultzen da zenbait alorretan, baita itzulpenaz ikertzen eta hartaz gogoeta egiten ere. (...) Ale honen edukiak kontuan, ikerle-idazle belaunaldien arteko lotura eta lekuko txandakatzea bermatuta dagoela dirudi, bederik, aldizkari honen edukiei eta egileei erreparatuz gero. Globalizazioa denon ahotan dabilen garai honetan, itzultzaileok gizakion neurrikoagoa egin dezakegu, elkar ulertzeko eta konpontzeko bideak jarrita.
Katea ez da eteten; hona hemen, beraz, ale honek jasotako emaitza askotarikoak, itzulpengintza eta batez ere, euskaraz ondua osasuntsu dagoen lekuko: Esenin poeta errusiarraren zenbait poema euskaratu, Clara Janés poeta eta itzultzailearekin izaniko elkarrizketa, Xabier Leteren itzultzaile alderdiaren gaineko artikulu bat, Formen matxinada eta Printzea liburu itzuliak goitik behera aztertzen dituzten artikulu bi, alemanetik euskaraturiko unitate fraseologikoen azterketa, Millenium trilogia gaztelaniara ekarri zuen itzultzailearen gogoeta batzuk, zuzentzaileen gaineko hausnarketa mamitsu bat, itzulpengintza digitalizatuaren inguruko artikulu bi, EN-15038: 2006 kalitate arauaz diharduen artikulu bat eta ekanduko liburu aipamenak. Bakoitzak bere gustuko bizigaia aurkitzeko moduko menua.