Eugene Nida itzulpen teorialaria hil da
Eugene Nida hizkuntzalari eta itzultzailea hil zen, Bruselan, 2011ko abuztuaren 25ean, 96 urte zituela. Oklahomako hirian (Estatu Batuak) jaioa zen, 1914ko azaroaren 11n.
Kaliforniako Unibertsitatean ikasi zituen letra klasikoak, bereziki grekoa; 1939an, Hego Kaliforniako Unibertsitatean goi mailako gradua lortu zuen, greko kalsikoan. Bibliaren itzulpenaren gainean egin zituen ekarpen garrantzitsuei esker, itzulpen teorialari ezagunenetakoa dugu Nida.
Eugene Albert Nida American Bible Society ospetsuko kide egin zen 1943an. Itzulpen sailaren idazkari eragilea izan zen lehenbizi, eta 1970etik 1980ra bitartean, Biblia Bateratuaren Erakundeentzat lanean jardun zuen, itzulpenari buruzko ikerketa koordinatzaile gisa.
Nidaren lanik ezagunena 1964ko Toward a Science of Translating (Itzulpenaren zientzia baterantz) liburua da, non itzulpen-prozesuaren hiru ataleko eredua azaldu baitzuen. Eredu hori hiru urratsetan gauzatzen da: azterketa, transferentzia eta berregituratzea. Horrez gain, baliokidetasun dinamikoaren kontzeptua garatzen hasi zen, baliokidetasun formalaren beste muturrean zegoena. Era horretan, azaleko egituren arteko baliokidetasunak oinarritzat hartzen dituen linguistika erkatzailetik urrundu zen.
Nidaren ustez, esanahiak dauka lehentasuna, ez formak. Ikuspegi formal zurrun batek sorburu hizkuntzako testuaren kultur testuingurua ilundu dezake, testuaren oinarrian dauden osagai soziolinguistikoak, alegia, eta kultur arteko komunikazioa galarazi dezake. Itzulpena jardun linguistiko bat baino zerbait gehiago da, etnografikoki ezberdinak diren bi mundu elkarrengana hurbiltzen saiatzen baita.
1969an Charles Taber-ekin batera argitaratu zuen The Theory and Practice of Translation (Itzulpenaren teoria eta praktika) liburuan erabili zuen lehen aldiz "xede hizkuntza" esamoldea, testu bat itzultzeko erabilitako hizkuntza izendatzeko. Zalantzarik gabe, egile/itzultzaile eskema tradizionalak hirugarren eragile baten beharra daukala adierazten zuen, irakurlearena hain zuzen ere, bera baita itzulpen bat balioztatuko duen bakarra.
Gure artean izan genuen Nida 2002. urtean, Donostian, EIZIEk antolaturiko Itzulpengintzari buruzko jardunaldietan. Hasierako hitzaldia entzuteko parada izan genuen orduan: «Some overlooked problems in Bible translating» (Bibliaren itzulpengintzan ahantzitako arazo batzuk) izenburuaz.
Argazkia: Zaldi Ero