Euskara-galiziera hiztegia
Isaac Xubinek 5.000 terminotik gora biltzen dituen "Galego-éuscaro /Euskara-galiziera" hiztegia plazaratu du.
Isaak Xubin Coruñan jaio zen, 1978an. Vigoko unibertsitatean Galiziar Filologia ikasi ondoren, sei urtez bizi izan zen Euskal Herrian, Bilbo eta Gasteiz artean, eta bertan hasi zen euskara ikasten. Gaur egun, Corkeko unibertsitateko irakaslea da.
Apirilaren 12an aurkeztu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean, Gasteizen, 5.000 terminotik gora biltzen dituen euskara-galiziera lehen hiztegia. Hemendik aurrera, beraz, euskaldunek gaztelaniaren bitartekaritzarik gabe bilatu ahal izango dituzte galizierazko hitzak, baita galiziarrek euskarazko hitzak ere. Hiztegia tresna lagungarria izango da Euskal Herritik Galiziara nahiz Galiziatik Euskal Herrira emigratu duten pertsonentzat, baita bi hizkuntza hauek ikasi nahi dituen beste edonorentzat ere.
Itzulpen lanetan ere aritua da Isaac Xubin. Kirmen Uriberen Bilbao - New York Bilbao liburua euskaratik galiziera itzultzeaz gain, EIZIEk antolatutako itzulpen lantegietan ere behin baino gehiagotan hartu du parte: 2010eko udazkeneko "Idazlea itzultzaileen lantegian" saioan, Itxaro Bordaren zenbait poema itzuli zituen euskaratik galizierara. 2006an, berriz, Harkaitz Canoren Neguko Zirkua liburuko narrazio bat itzuli zuen.