Fernando Mendizabal, itzultzaileen maisu

2011 Martxoa 24
Fernando Mendizabal, itzultzaileen maisu

Hilobiratu duen gaitzak, denetan maltzurrenak, duela zenbait urte kendua zigun Pernando adiskide eta maisua. Baina Pernando Mendizabalek, ofizio anitzetan aritutako gizona bera, emaitza ugari utzi ditu. Tituluetatik hasita, denek aipatu dute euskaltzain urgazlea zela, eta nekrologika askotan zabaldu dira haren lanak, teologiakoak, gramatikakoak, hiztegiak, itzulpenak… Inork, ordea, ez du aipatu Pernandok euskara juridikoaren arloan eta itzulpengintza irakasten egindakoa. Horretara mugatuko naiz lerro hauetan.

Bi aldi eta bi erakunderen inguruan izan nuen Pernandorekin lanean aritzeko zoriona. Lehena UZEI izan zen, laurogeiko hamarkadaren hasieran, Zuzenbide Hiztegia lantzen. Garaiko hiztegia, garaiko asmo on eta eskasiekin, baina ezinbestekoa administrazioaren munduan itzulpenak, neurri handian juridikoak, egin behar genituenontzat. Pernando Mendizabalen lana ez zen liburuaren kredituetan esaten denera mugatu: egile asko (gehienak) ez zirenez euskaraz behar bezala idazteko gauza, Pernando izan zen askoren itzultzaile eta terminologia-sortzaile.

Bigarrena, laurogeita hamarrekoetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Ni EHUko plantillako langile izan aurretik bera izan zen Euskara Juridikoa hautazko irakasgaiaren irakasle. Fakultateko zenbat irakasle, ni barne, eta ikasle pasa ziren haien eskoletatik! Pernandok irakatsi zigun, niri eta euskal jurista emankor askori, hizkera juridikoak jantzia, zehatza eta ulerkorra izan behar zuela, eta hori, klasikoek erakutsitako ildoetatik batere aldendu gabe lor zitekeela, aurreiritziak eta “abarkak jantzita hitz egiteko euskara” gainditzen ikasten bagenuen.

Axularren, Mendibururen, Asteasuko Agirreren eta beste antzinako autoreek sortutako esaldi luze, zehatz eta era berean garbi eta ulerkorrak irakurrarazten zizkigun; euskarak, euskara osoak, ez hainbat garbizalek murriztu eta moztutako euskarak, ematen zizkigun ahalbideak. Harrituta entzuten genuen, orain dela 300 edo 400 urteko euskara oraingo testu askotakoa baino gozoagoa, zehatzagoa eta ulergarriagoa.

Pernandoren itzulpengintzan zehaztasuna zen ardatza. Haren eskoletan eta itzulpenetan ikasi genuen testu juridiko baten itzulpenak balio berbereko beste testu juridiko bat izan behar duela, eta euskararen balizko zailtasuna edo hitz-eskasia ez dela inoiz aitzakia. Pernandok apunte bikainak prestatu zizkigun, adjektibazioaz, erdal erlatiboen itzulpenaz, eta orduko itzultzaileok (eta oraingoek, agidanez) topatzen genituen euskararen beste hainbat katramila eta zailtasunez. Dakidanez, ez dira inoiz argitaratu, baina Euskara Juridikoa irakasgaitik pasatako ehunka euskal juristek apunte haietako irakaspenak jaso ahal izan zituzten.

Hizkera juridiko-administratiboaren munduan, eta berezitasuneko hizkeren inguruan oro har, ez zen dena adostasuna eta bakea. Kritika latzak isuri ziren garaiko “euskararen establishmentaren” aldetik eta Pernandoren lanak guztiz atzenduta eta ahaztuta geratu ziren. Zoritxarrez, zeren berak soluziobidean jarritako itzultzaileon zenbait arazok arazo izaten baitiraute, ItzuL posta-zerrendako eztabaidetan oraino ikusi ahal izan dugun bezala.