Gipuzkoako Foru Aldundiaren itzulpenen datu basea, libre

2011 Martxoa 22
Gipuzkoako Foru Aldundiaren itzulpenen datu basea, libre

Guztira 28.000 dokumentu inguru dira, 520.000 bat itzulpen segmentu edo esaldi. Gehienak, gaztelaniaren eta euskararen arteko itzulpenak dira. Datuak Creative Commons (Aitortu) baimen batez ipintzen ditugu.

Ezaugarriak

Ezaugarriak

Gure itzulpenen datu basea, 2006az geroztik elikatzen duguna, askatzea erabaki dugu. Ordenagailuz Lagundutako Itzulpeneko (OLI) tresnen bidez landutako itzulpenak direnez, segmentu lerrokatuz osatutako datu base bat da. Itzulpenen datu basea oinarri delarik, bi erabilera eskaintzen ditugu:

  • Bilaketa: terminoak aurkitu, itzulpen segmentuetan.
  • Itzulpen memoria fitxategiak eskuratu, itzulpen laguntzarako Wordfast, SDL Trados edo antzeko programekin lan egiteko.

Etengabe eguneratzen dugu itzulpenen datu basea; eduki bizi bat dauka, Aldundiak itzultzen dituen dokumentu esanguratsu guztiak datu basean sartzen baititugu.

Horregatik, ez ditugu itzulpen memoria fitxategi finko batzuk eskaintzen, baizik datu base dinamiko bat, une bakoitzeko edukiarekin kontsultak eta fitxategiak sortzeko ahalmena duena.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren itzulpenen datu basea helbide honetan dago.

Itzulpenen datu basea, itzultzaileen esku

Itzulpenen datu basean diren datuak itzultzaileen esku ipintzen ditugu. Lehenik, Gipuzkoako udaletako itzultzaileek izan dezakete onura handiena. Bigarrenik, beste herri erakundeetako itzultzaileentzat baliagarri izan daitezke. Eta hirugarrenik, itzulpen lanetan ari diren profesional gehienek tresna lagungarri bat gehiago izango dute.

Informazio gehiago: www.gipuzkoaeuskara.net