Artikulua 2tzuL-en: "Txorizoaren tortilla", Asier Larrinaga

2011 Otsaila 22
Artikulua 2tzuL-en: "Txorizoaren tortilla", Asier Larrinaga

EIZIEk abian jarritako ItzuL posta-zerrendan, “laranjaren/laranjazko?” gaiaren inguruko iritzi-truke bizia izan da otsailaren 14tik hona, eta, horren haritik, “Txorizoaren tortilla” artikulua idatzi du Asier Larrinagak 2tzuL blogean .

Hauxe izan zen ItzuLeko eztabaidaren abiapuntua: "Laranja-zukua" esaten dugu, baina hitz-elkarketa hori deseginez gero zer forma erabiltzen dugu?; esaterako, "zuku bat hartuko dut, laranjarena”, ala “zuku bat hartuko dut, laranjazkoa”? Galdera egin zuen zerrendakideak zioenez, inguruko euskaldunzaharrei “laranjarena” entzuten die gehienbat, baina testuetan “laranjazkoa” aurkitzen du ia erabat.

Galdera horrek 33 mezuko soka bat ekarri zuen, eta gaiaren ertz asko agertu ziren haietan. Zukuaren haritik, freskagarriak, ogitartekoak, tortillak eta beste atera ziren hizpidera: “Ogitartekoa zerena nahi duzu” / “Ogitartekoa zerezkoa nahi duzu” / “Zer ogitarteko nahi duzu”; “tortilla, zerena”, “tortilla, zerezkoa”?…

2tzuL-eko artikuluan, -zko atzizkiaren balioa adibide ugariz hornitzen du Larrinagak, eta auzitan jartzen, bestalde, “txorizoaren tortilla” esaten ez bada “tortilla bat, txorizorena” erabilera ontzat hartzeko aukera. Blogean erantzun bat izan da dagoeneko, eta litekeena da gehiago ere etortzea.