Denonartean, euskaratutako lanak argitaratuko dituen zigilu berria
Cénlit argitaletxe nafarrak Denonartean izeneko argitalpen-zigilu berria sortu du, eta eman du argitara, dagoeneko, lehenbiziko itzulpena: Milena Agus idazle italiarraren azken nobela, Kondesa esku-guria, Fernando Reyk euskaratua.
Cénliteko arduradunen hitzetan, zigilu berria sortu dute "euskarara kalitate aitortuko liburuak ekartzeko, nazioartean ospea lortu duten egileen lanak argitaratzeko". Milena Agusek azken urteetan sekulako arrakasta izan du Italian, eta beste hizkuntza askotara ere itzuli da haren obra; euskara da zerrenda horretan hogeita seigarrena. Kritikarien eta irakurleen oniritzia eta gorespena 2005ean iritsi zitzaizkion, Mentre dorme il pescecane liburuarekin, baina liburu ospetsuena Mal di pietre du (2006), urte honen bukaeran argitaletxe honexek berak argitaratuko duena, Giltzurrun-harriak izenburuarekin; bigarren lan hori ere Fernando Reyk itzuliko du.
Milena Agusen bi lan horiez gain, ordea, beste itzulpen bat kaleratzeko asmoa ere badu aurten argitaletxeak: Maitasunezko oihua, munduaren erdian, hau da, Kyoichi Katayama idazlearen Sekai no Chuushin de, Ai wo Sakebu lanaren itzulpena. Hirugarren liburu hau euskaratzeaz Keiko Suzuki Iruñean bizi den itzultzaile japoniar euskalduna eta Inma Errea arduratuko dira.