Patxi Uribarren, EIZIEko kidea, euskaltzain oso

2010 Maiatza 31
Patxi Uribarren, EIZIEko kidea, euskaltzain oso

Joan den ostiralean, maiatzaren 28an, EIZIEko kide dugun Patxi Uribarren Leturiagak euskaltzain oso berriei dagokien sarrera-hitzaldia eman zuen, Aramaion. Hainbat jende bildu zen herriko parrokian: Patxiren senitartekoak, Euskaltzaindiko kideak, kulturaren arloko jende ugari, lagun mordoa eta herritar asko.

Izan zirelako gara, eta garelako izango dira jarri zion izenburu Patxik bere hitzaldiari, eta, Aramaioko euskararen inguruan izan duen bizipenetik abiatuta, euskararen transmisioari eta egoerari buruzko gogoeta egin zuen. Halako ekitaldietan ohitura da, euskaltzain berriak hitzaldia eman ondoren, akademiako beste kide batek erantzutea: beraz, Jose Luis Lizundiak hartu zuen hitza Patxi Uribarrenen ostean, eta Ganbarruetatik Araba euskaldunera mintzaldiaz erantzun zion.

Zeremonia bukatzeko, euskaltzainen domina eta diploma jaso zituen Patxik, bai eta hainbat opari eta eskaintza ere.

Patxi Uribarren aramaioarra euskaltzale gogotsua izan da beti. Lan handia egin du euskararen inguruan, hizkuntza sustatzen, hiztegigintzan eta baita itzulpengintzan ere. Izan ere, urte askoan jardun du itzultzaile, eta horrela dugu EIZIEko kide. Beste horrenbeste urtean ere orain arte legez jarraitzea nahiko genuke.

Zorionak, Patxi