Literatura Unibertsala bilduma 2010
Hogei urte pasatu dira EIZIEk sustaturiko Literatura Unibertsala bildumaren lehen liburua argitaratu zenetik, eta gaurdaino 146 liburuko fondoa sortu da. Bi aro izan ditu bildumak: lehenbizikoan Ibaizabal argitaletxeak izan zuen argitalpenaren ardura, eta 100 izenburu kaleratu ziren; bigarrenean, berriz, Elkar eta Alberdania argitaletxeek koedizioan jardun dute.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EIZIEk urtero sinatzen duten lankidetza hitzarmenaren bitartez gauzatzen da bilduma hau, eta aurrera egiteko konpromisoa ere hartua badugu ere, etenaldi bat egiteari egoki iritzi diogu (aurten, beraz, ez dugu itzulpen-lehiaketa antolatuko). Bigarren aroari amaiera emango dioten liburuak kaleratzeaz gain, bildumaren sustapenari arreta berezia emateko asmotan gara (irakaskuntza eta liburutegiak kontuan hartuta), eta agortu diren obretako batzuk berreskuratzen ahaleginduko gara. Horrekin batera, hirugarren arorako oinarriak aztertuko eta eguneratuko ditugu aurten.