2010eko Batzar Nagusia egin du EIZIEk Hendaian
EIZIEk 2010eko Batzar Nagusia egin zuen iragan larunbatean (2010eko martxoaren 6an), Hendaiako Antoine dAbbadie aretoan. Hogeita hamar bat bazkide elkartu ziren.
Batzarrean, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak 2009ko jardueren berri eman zuen, eta 2010eko egitasmoen aurreikuspena aurkeztu. Ohi bezala, aurreko urteko ekonomia-balantzea eta urte honetarako aurrekontua ere onartu ziren.
Joan den urtean egindakoen artean, aipatzekoak dira honako hauek: zazpi liburu argitaratu dira Literatura Unibertsala bilduman (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekiko hitzarmenaren bitartez), Literatur Itzulpenen Katalogo berria osatu da (Armiarmarekin batera), zenbait ikastaro antolatu dira bazkideentzat (Wordfast, euskara-gaztelania itzulpen-mintegia), Senez aldizkariak ohiko bi aleak argitaratu
2010ean, prestakuntzan ahalegin berezia egin nahi du elkarteak, horretarako lankidetza-aukerak bilaturik. Literatura Unibertsala bildumak geldialdi bat izango du, orain arte egindako bidea aztertze aldera; bildumaren sustapena eta hurrengo arorako irizpideak finkatzea izango da aurtengo eginkizun nagusia.
Bestalde, eratu berri den Langune elkarteko kide da EIZIE, eta lan egingo du hizkuntzen industriak eskaintzen dituen aukerak aztertzen. Harremanetan jarraituko du, orobat, Euskal Herritik kanpo itzulpengintzaren, zuzenketaren eta interpretazioaren alorrean aritzen diren profesionalen elkarteekin: ASOCESP, CEATL
Gaur egun 295 bazkide ditu EIZIEk, haietatik 22 aurten bertan bazkidetuak. Batzar Nagusian, elkartearen estatutuen artikulu bat berritu ere egin zen. Hain zuzen ere, bazkide egiteko baldintzetan beste aukera bat ireki da, itzulpengintzarekin loturiko beste jarduera batzuetan aritzen direnentzat: terminologoentzat edo itzulpenerako laguntza-tresnak garatzen ari direnentzat, esaterako.
Giro ederrean bazkaldu zuten batzarraren ondoren Hendaiara hurbilduriko bazkideek, eta, eguna amaitzeko, Abbadia gazteluan izan ziren.