Itzultzaile-interprete izateko 6 lanpostu Nafarroan
Nafarroako Gobernuak oposizio-deialdia argitaratu du euskarazko itzultzaile-interpreteen sei lanpostu betetzeko; lanpostuak A mailako funtzionario-lanpostuak dira. Halaber, deialdiaren bidez, aldi baterako kontratazioetarako zerrendak ere osatu nahi dira, hautapen-prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.
Sei lanpostuetatik lau Nafarroako Aldizkari Ofizialean aritzeko dira, eta bi, aldiz, Euskarabidean; denak ere Iruñean. Deialdiko lanpostuak bi txandatan banatuko dira: hiru lanpostu, txanda irekian, eta beste hiru, aldiz, igoera txandan. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Oposizioan parte hartzeko baldintzak dira, batetik, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua izatea, eta, bestetik, EGA titulua edo horren baliokidea edukitzea. Igoera txandan aurkeztu nahi dutenek beste baldintza hauek ere bete beharko dituzte, besteak beste: Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoak izan beharko dute eta bost urteko antzinatasuna izan aitortua.
Izena emateko epea irekita dago, eta otsailaren 3an amaituko da. Bestalde, 40 euro ordaindu behar dira izena emateko.
Informazio osagarria (gaztelaniaz)