"Hori lortuz gero"/"Hori lortzekotan" 2tzuL blogean
Gauza bera adierazten ote da «lortuz gero» esatean eta «lortzekotan» esatean? Baldintzazko bi egitura horiek baliokideak direlako ustea aski zabaldurik dago, nonbait, edo zabaldurik egon da, behintzat. Bi egituren arteko aldea erakusteko, hain zuzen ere, artikulu mamitsua idatzi du Fernando Reyk EIZIEren 2tzul blogean .
Baldintzazko egiturei begiratu orokor bat ematen die artikuluak, eta -t(z)ekotan loturaren zentzu tipikoetako bat deskribatzen du, besteak beste: «"Bihar mendira joatekotan, goiz jaiki beharko duzu". Hor, -t(z)ekotan daraman perpausean esaten dena ez da ondore perpausa baino lehenago gertatzen, ez da kausa, alderantziz baizik. Kasu honetan, lehenbiziko perpausa bigarrena betetzearen ondorio izanen da (goiz jaikitzeari esker, edo horren ondorioz, joaten ahalko zara mendira)».
Ondoren, han eta hemen aurkitutako zenbait adibide agertzen ditu, erabilera bitxiaren erakusgarri:
Nekatuta egotekotan, eseri eta atseden hartu.
Nahi izatekotan, elkarrekin joanen gara.
Hautagai bakarra egotekotan, ez da bozketarik egingo.
Beste aldetik, berriz, duda egiten du -(e)z gero egitura egokia ote den honelako esaldi batean, adibidez:
?Eginez gero, ondo egiten saiatu.
Gramatiketan gai honi buruz ageri diren aipamen urriak eta Ereduzko Prosa Gaur corpusean aurkitutako adibideen zerrenda bat erantsi ditu Fernando Reyk.