Munduko literatura, gure
Susa argitaltxeak eta Armiarma elkarteak Euskarari ekarriak webgune berria aurkeztu zuten atzo, munduko literaturatik euskarara ekarritako lanen bildumarik osatuena: mila idazle inguru, ehundik gora hizkuntza, bi mila idazlan baino gehiago, hainbat itzultzaile...
Liburuetan eta aldizkarietan euskaraz eman diren lanen katalogoa da Euskarari ekarriak ataria, egileka sailkatua. Egile bakoitzaren berri emateaz gain, hari buruzko informazioa eta itzulita dauden haren lanak eskaintzen ditu, lanen berri bibliografikoa eta baita testua ere, ahal den guztietan.
Atariaren sortzaileek itzultzaileen lana azpimarratu nahi izan dute, "literatur lanak itzultzen hartu dutena, jakina, baina baita ere armiarma proiektuaren baitan gune hau posible izan dadin eskaini digutena, haien lanak jaso eta sareratzeko baimen eta erraztasunak emanez".
EIZIEk ere jaso du ataria sortu dutenen esker ona: Gune hau egiteko EIZIEren lankidetza funtsezkoa bilakatu da, beraiekiko harremanean eta trukean gauzatu baita proiektua.