Egungo itzulpengintzaren aberastasunaren adibide
Hitz horiekin laburtzen du Senez aldizkariaren zuzendari Karlos del Olmok aldizkariaren 37. aleak dakarren eduki trinkoa.
Izan ere, zer galdurik ez du EIZIEk argitaratzen duen aldizkariaren 2009ko zenbakiak: poema eta prosa poetiko euskaratuak; senide diren bi itzultzaileekiko elkarrizketa; hildako bazkideen omenezko gorazarreak; ibilbide luze eta oparoko euskal itzultzaile baten oroitzapenak; euskal itzulpenen komunikagarritasunaren gaineko gogoetak; aldizkari ofizialetan agertzen diren itzul molde batzuen gaineko azterketa; aurreko alean plazaraturiko artikulu bati erantzuteko, termino zientifikoak ematearen gaineko hausnarketa; euskal interpretazioari buruzko artikulua; lehenengo euskal itzultzaile automatikoaren aurkezpena; argitaratzeko bidean den itzulpen hiztegi historiko baten aurkezpena; alemanetik euskaraturiko haur eta gazte literaturaren azterketa; CEATL Europako Literatur Itzultzaileen Elkarteen Kontseiluari buruzko artikulu bat; Molièreren bertsoak euskaratzeak emandako ezagueraren azalpena; itzulpengintza abiaburu idatzitako ipuin moduko bat; literatur itzulpenean egindako ibilbideaz itzultzaile batek gogoetatua eta, azkena baina ez txikiena, literatur itzulpenari buruzko dosier mamitsu bat.
Senez aldizkariaren 37. alearen bertsio digitala laster izango da osorik gure webgunean.