Antton Olanok irabazi du itzulpengintzako Euskadi Saria
Wilkie Collins idazle ingelesaren The Moonstone (Ilargi-harria) eleberriaren itzulpenari esker, Antton Olanok irabazi du 2009ko Euskadi Literatura Saria itzulpenaren atalean. Epaimahaiak adierazi duenez, «Olanoren itzulpenak ezin hobeto eta oreka handiz islatzen du euskaraz Wilkie Collinsen obraren tonu orokorra eta eleberriko kontalarien erregistroen aberastasuna, bakoitzaren ezaugarri pertsonal eta sozialekin».
EIZIEk Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin kudeatzen duen Literatura Unibertsala bilduman argitaratua da Ilargi-harria. Bilduma horretako beste bi liburu ere itzuliak ditu lehenago Antton Olanok: Oscar Wilderen Fidel izan beharraz (2000) eta, Juan Mari Arzallusekin batera, Ismail Kadareren H dosierra (1998). Beste lanen artean, Gemma Lluch idazle katalanaren Jokoa.com ere euskaratua du (Erein, 2002). Katalanetik itzuli zuen, halaber, Pasqual Alaponten Bai baina ez eleberria, eta horrekin 2008ko Gasteiz Itzulpen Saria irabazi.