Daoud Hari, interprete baten bizipenak
Daoud Hari, Sudango interpretea izango dugu Bilbon, 2009ko urriaren 21ean. Gatazka odoltsu baten erdian, interprete baten lanak izan dezakeen balioaz, zentzuaz eta arriskuez mintzatuko da Euskalduna jauregian (19:00).
Daoud Harik bere larruan bizi izan du Sudango Darfur eskualdean bizi den gatazka. Bere lurrak utzi behar izan zituen yanyauid erasotzaileengandik iheska, Txaden babestu zen arte. Han hasi zen interprete lanak egiten, aurrez Egipton ingelesa eta arabiera ikasiak zituenez. Sudango agintariek, espioitzat harturik, atxilotu egin zuten 2006an, Paul Salopek estatubatuar kazetariarekin eta Abdulraham Anu txadiar gidariarekin batera. Estatu Batuen gobernuak eta nazioarteko taldeek egindako presioari esker askatu zuten, hilabete batzuk geroago.
The Translator - A Tribesman's Memoir of Darfur (Itzultzailea - Darfurreko tribukide batek oroitzapenak) liburua argitaratu zuen 2008an, Estatu Batuetan babes hartu ostean, Darfurreko gatazkan interprete lanetan izandako bizipenak kontatzeko.
Interprete lanbidearen alderik engaiatuena azalduko digu Daoud Harik bere mintzaldian.
Oharra: hitzaldia irekia izango da, eta aldi bereko interpretazioa izango da ingelesetik euskarara.