Mikel Atxaga hil da

2009 Iraila 11
Mikel Atxaga hil da

Mikel Atxaga kazetari, idazle eta itzultzailea Donostian hil da, 2009ko irailaren 10ean. Urnietan (Gipuzkoa) jaio zen 1932an, eta bere ibilbide profesionala Deia egunkariari loturik izan da urte luzez. EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuen 2002an.

Izendapen horri loturik, Itzulpen Antologia III haren itzulpen bat argitaratu genuen: Izurde urdinen uhartea.

Mikel Atxaga Urnietan jaio zen, 1932an. 1963 eta 1966an bi liburu idatzi zituen Gaztetxo eta Ezkontza Bidean izenekoak. Ondoren, 1970etik aurrera, Zeruko Argian idazteari ekin zion. Errialde, Mutiozabal, Irastortza edo Iraola izan ziren erabilitako ezizenetako batzuk. Urte horietan guztietan, itzulpen lanak ere argitaratu zituen.

Kazetaritzaren esparruan lehen urratsak Zeruko Argia aldizkarian egin zituen, eta 1977tik aurrera Deia egunkarian egin zuen lan, erretiroa hartu arte. Egunkari horretan argitaratutako hainbat artikulu Deiadarrak izeneko liburuan jaso zituen.

Kazetari lan horretaz gain, Mikel Atxaga Bidegileak bildumako koordinatzaile eta zuzendaria izan da azken urteetan. Bilduma horretan, dagoeneko, euskalgintzan aitzindari izan diren 200dik gora gizon-emakumeren bizitza eta obra ezagutzera eman dira.

Ibilbide profesional jori horren ondorioz hainbat sari eta omenaldi jaso izan ditu Mikel Atxagak:

  • 2009ko apirilaren 1ean Donostiako Miramar Jauregian Eusko Jaurlaritzaren omenaldia izan zuen.
  • 2009an Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen, euskarazko prentsan eta kultur munduan egin duen ibilbide luze eta oparoarengatik.
  • 1998an Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eskuratu zuen.

1960ko eta 70eko hamarkadetan itzulpengintzaren barrenak hobeki ulertzeko, Lurdes Auzmendik EIZIEren Itzulpen Antologia III liburukiaren aurkezpenean hitz hauek idatzi zituen:

«Beste itzultzaileak, hurrenkera alfabetikoak behartuta, ondorengoak dira: Joxe Agirre, Patxi Altuna, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi», Dionisio Amundarain, Mikel Atxaga, Lukas Dorronsoro, Hiazinto Fernandorena, Xalbador Garmendia, Andoni Lekuona, Txomin Peillen, Juan Mari Lekuona, Jose Mari Satrustegi eta Jose Luis Zurutuza.

Izen gehienak oso ezagunak ditugu euskararen munduan, eta askotan lan alor nahiko desberdinetan jardundakoak badira ere, guztiek dituzte komunean zenbait ezaugarri. Esate baterako, bakoitza bere lan esparrutik euskararen aldeko langile etengabeak izan dira. Arantzazun 1968an euskara batuaren aldeko bidea hartu ondoren, orduan 40 urteren bueltan zebilen belaunaldiko antologia honetan biltzen ditugun guztiak igo ziren gurdi hartara, eta beraietako asko Euskaltzaindian bertan kargu pisuzkoak izatera ailegatu dira urteen joanean.

Bestetik, irakaskuntzan, komunikabideetan, itzultzaile lanpostuetan eta abarretan zeuzkaten lanetatik erretiratuta dauden arren, guztiek jarraitzen dute lanean, eta esan behar da askok itzultzaile lanetan dihardutela gaur oraindik. Baina badute guztiek ezaugarri bat euskararentzat eta zehazkiago euskal itzulpengintzarentzat ekarpen handia izan dena: 13 itzultzaile handi hauek benetako bidegileak izan ziren, eta hori garbi ikusten da landu dituzten itzulpen-alorrei erreparatu hutsarekin. Testu sakratuak itzuli zituzten, itzulpenaren teoria orokorra egiteko betidanik gehien aintzat hartu izan diren itzulpenak; antzerkia, baina antzerki garaikidea, antzerki soziala; poesia, bai idatzia eta baita abestua izateko kantu formakoa ere; gure baserritarrei prestakuntza probetxuzkorako aukera ederrak eman zizkien nekazaritzako testuak; saiakera, historia, hizkuntzalaritza, politika eta beste hainbat alorretakoa, eta abar.

Azken batean, euskara alor guztietara hedatzen hasteko orduan, erabilera soziala bermatuko bazen, alor gehienetan gure hizkuntzak behar zituen baliabideak lantzen, edo zeuden baliabideak behar berrietara egokitzen hasi zen belaunaldia da hau, horretarako erabili zuen tresnetako bat itzulpena izan zelarik. Kasuren batean testuak gazteleraz sortu ziren propio, ondoren euskarara itzuli eta argitaratzeko, jatorrizkoa ilunbeetan galdu zen bitartean. Izan ere hain ziren handiak egiteke zegoen lana eta nabaritzen ziren beharrak.»



Mikel Atxagak egindako itzulpenen erreferentzia:

  • Mundua guztioi erakutsia – Entziklopediarako itzulpen lanak – 1968
  • Haurren entziklopedia orokorra – Ohiturak izeneko kapitulua – 1976
  • Tintin komikiak
  • Euskal Herriko Atlasa



Beste erreferentzia batzuk: