Maite Imazen hitzak, Axun Aierberen omenaldian
Ekitaldi ezin hunkigarriago batean, talde polita bildu zen 2009ko apirilaren 1ean, EHUren Gasteizko Letren Fakultatean Axun Aierbe zenari egin zitzaion omenaldian.
Xabi Paya, Jon Kortazar, Fernando García Murga, Miren Azkarate eta Maite Imaz eseri ziren antolatzaileek prestatutako mahaian, eta haien eskutik jaso genuen Axunen bizitzako zenbait pasarteren berri, horietako asko bere irakasle eta itzultzaile lanari lotuak.
Bukaera aldera, baina, izan ziren beste bi parte hartze, Lurdes Leunda eta Axun Muñagorri lagunena, eta Axunen amarena berarena, ekitaldia dotore biribildu zutenak. Kosta omen zitzaien hitza hartzeko kemena biltzea, baina merezi izan zuen beren ekarpena jasotzea.
Ezin ahaztu, ezta ere, Jimmy Bidaurreta piano jotzailearen tartea, hiru doinu ederri esker giroa are gozoagoa egin zuena.
Kronika labur hau bukatzeko, Maite Imazek esandakotik pasarte bat aukeratu dugu, irribarrea eragingo duen esperantzan:
«EIZIEren 2008ko Batzar Nagusira kotxean elkarrekin joan ginen Axun eta biok, Amorebietara, martxoaren 1ean. Batzarra eta ondorengo bazkari eta solasaldiak bukatu ondoren Tolosara itzuli ginenean, kotxea nik eraman nuenez, dirua eman zidan gasolina gastuetarako. Nik diru gehiegi eman zidala esan nion eta berak sobratzen zenarekin egunen batean kafe bat hartuko genuela erantzun zidan. Beste baterako uztea baino, dirua orduantxe bertan gastatzea genuela onena erabaki genuen, eta hala joan ginen taberna pare batera kafea ez baizik eta pintxo batzuk jatera. Eta hura izan zen Axun ikusi nuen azkeneko aldia.»
Argazkia egun hartan hartua da, batzar nagusiaren atarian.