Kataluniako itzultzaileek eta interpreteek APTIC sortu dute
ATIC eta TRIAC elkarteek, hau da, Kataluniako itzultzaileen eta interpreteen bi elkarte jeneralistek, bat egin eta APTIC sortu dute: Associació Professional de Traductors i Intèrprets de Catalunya. Elkarte profesional berri hori, Óscar Nabais lehendakari duela, 2009ko urtarrilaren 1ean eratu zen ofizialki, eta, bi elkarteetako kideak biltzen dituenez, 500 kide baino gehiagorekin jarri da abian.
APTIC elkartea sortuta, tradizionalki oso bereizita egon diren bi talde batu dira. TRIAC 1995ean jaio zen, helburu nagusi jota itzultzaileen eta interpreteen elkargo ofiziala sortzea. Bestalde, ATIC itzulpengintzako ikasle batzuek sortu zuten 1994an, unibertsitate-lizentzia abian jartzearekin batera, babestuko zituen berariazko legedirik ez baitzegoen eta sektorea ere antolatu gabe zegoelako. Bi elkarteok bereizita aritu dira lanean hamar urtez. 2006an, ordea, lanbide tituludunei eta elkargo profesionalei buruzko Kataluniako legea onestearekin, agerian gelditu zen ATIC eta TRIAC elkarteen helburuak berberak zirela. Izan ere, lege horrek ezartzen duenez, elkargo profesionalak eratu ahalko dituzte soilik lanbidean aritzeko berariazko unibertsitate-titulua behar duten lanbideek.