"Peru Tximaluze" jaio da
Jürgen Langek eta Jurek Ziemkiewiczek Der Struwwelpeter euskaratu dute egilearen jaioturtearen bigarren mendeurrena bete baino hilabete batzuk lehenago. Durangoko Azokan egin zuten liburuaren aurkezpenaren ondoren, urtarrilaren 23an Igorreko Kultur Etxean aurkeztu zuten. Igorren ez ezik, Arratiako beste herri batzuetan ere aurkeztuko da Peru Tximaluze hurrengo asteetan. Liburua Zeberioko Udalaren eta Zertu Kultur Elkartearen laguntzarekin argitaratu da.
Heinrich Hoffmann psikologoak idatzitako Der Struwwelpeter 10 istorio laburrez eta epilogo batez osatutako liburua da eta idazleak helburu pedagogikoarekin idatzi zuen; istorio bakoitzak jarrera kaltegarri baten ondorioak erakusten ditu, poesia eta irudi koloretsuekin.
Jürgen Lange alemaniar jatorrizko zeberioztarrak itzuli ditu txikitatik ezagutzen dituen ipuinak. Marrazkiak lortzeko ere bera izan zen Frankfurten liburuak duen museoarekin harremanetan jarri zena eta liburuak alemanez duen grazia ez galtzeko, bertsolari bati eskatu zion itzulpena bertsotan jartzeko. Bertsolari hori Zeanuriko Jurek Ziemkiewcz dugu. Jabier Kalzakorta izan da liburuaren zuzentzailea eta maketazioaren arduraduna Iñigo Iruarrizaga izan da.
1844ko gabonetan, Hoffmannek bere semeari marrazkidun liburu bat erosi nahi zion, eta liburu dendetan ikusten zuena ez zitzaionez gustatzen liburua berak idaztea erabaki zuen. Emaitza ikusita, Hoffmannen lagunek liburua argitaratzea pentsatu zuten eta urtebete beranduago "Lustige Geschichten und drollige Bilder für Kinder von 3 bis 6 Jahren" ("3 eta 6 urte arteko umeentzako istorio barregarriak eta marrazki dibertigarriak") izenarekin ikusi zuen argia Hoffmannen liburuak. 1917an Der Struwwelpeter liburuaren 400. edizioa argitaratu zuten Alemanian. Egun, inork ez daki guztira zenbat liburu edo zenbat edizio atera diren; zenbat hizkuntzatara itzuli den ere, ez dago jakiterik, baina besteak beste, Peru Tximaluzek dituen anaiak Stepka-Rastrepka (errusieraz), Pelle Snusk (suedieraz), Struvelpetro (esperantoz), Jehoshua harapua (hebreeraz), Piet Boskasie (afrikaanseraz) Bōbō Atama (japonieraz) eta Pedro Melenas (Gaztelaniaz) dira. Hona hemen liburuaren hasiera:
Begira! Ez da Nazkagarria
Tximaluze higuingarria?
Urte bete eman du
ilea ez duela apaindu,
bere azazkal eta eskuak
garbitzea erabat ahaztuak.
Hauxe da tximaluzeena,
edonor botaka jartzen duena.