Haur eta gazte literaturako Vitoria-Gasteiz sariak
Aurten ere, 2008ko abenduaren 3an, euskararen egunaren kariaz eta Mikel Laboak utzi gintuen egunez, haur eta gazte literaturako Vitoria-Gasteiz sariak banatu zituzten Gasteizko Udalean.
Haur eta gazte literaturako itzulpenen Vitoria-Gasteiz sariak haur eta gazte literaturako obrentzako bakarrak dira, eta bosgarren edizioa izan dute aurten. Edozein generotako lanak aurkez daitezke lehiaketara, aurreko urtean argitaratuak badira. Saria jasotzeko (9.000 euro), balio batzuk islatu behar dituzte, hala nola kulturen arteko elkar ulertzea, tolerantzia, demokraziaren printzipioak, eta xenofobia, arrazakeria nahiz genero-indarkeria desagertzea (Haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenak -2007. urtean argitaratuak- saritzeko Vitoria-Gasteiz sarietarako deialdia, Arabako Aldizkari Ofizialaren 2008ko apirilaren 2ko alean).
Bi modalitate izan ohi dira, haur literaturakoa (6tik 12 urtera artekoentzako liburuak) eta gazte-literaturakoa (12 urtetik 18 urtera artekoentzako liburuak). Aurreko urteetan liburu gutxi aurkeztu izan dira, eta, noizbait, epea luzatu ere egin behar izan da. Aurten, 14 lan aurkeztu dira.
Gerardo Markuleta eta Antton Olano hautatu ditu irabazle epaimahaiak (Lurdes Auzmendi, Gidor Bilbao, Maite Imaz, Manu Lopez eta Imanol Zurutuza izan dira epaimahaiko), lehena haur-literaturaren arloan, bigarrena gazte-literaturaren arloan.
Markuletaren lanak Denbora izoztua du izena, eta Fernando Palacios idazlearen El tiempo congelado lanaren itzulpena da. Disko-liburua formatua du, Jesus Guridi eta Luis Aranburu musikarien lanez hornitua. Gasteiz du gertaleku istorioak.
Gazte-literaturakoan, Bai baina ez baina bai izena eman dio Olanok Pasqual Alapont valentziarraren Fi de culs a Mallorca lan umoretsuaren itzulpenari.
Txalotzekoa, Gasteizko Udalak giza balioak eta literatur itzulpena saritzeko antolatutako sariketa hau.