Juantxo Ziganda gogoan
Aurreko azaroaren 15ean hil zen, Iruñean, Juantxo Ziganda Zilbeti itzultzailea. Biriketako minbiziak jota, berrogeita hamar urte bete berritan joan zaigu gure lankidea.
Euskara irakasle hasi zen 1982an, Nafarroako Gobernuak antolatzen zituen euskara ikastaro trinkoetan. Geroago, berriz, 1988an, itzultzaile lanpostua lortu zuen; hain zuzen ere, Nafarroako administrazioan sartu ziren lehenbiziko zazpi itzultzaileetako bat izan zen, hau da, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko bertsioa abian jarri behar izan zuten haietakoa izan genuen. Bestalde, zenbait urtez, Nafarroako Gobernuaren ordezkari ere aritu izan da Euskaltzaindiarekiko koordinazio-bileretan.
Literatura-itzulpena ere jorratu zuen Juantxo Zigandak. Horrela, berak itzuliak dira Jim Thompsonen Ihesa (1991) eta Boris Vianen Ttu eginen dut zuen hilobietan (1992); bigarren eleberri hori 2002an berrargitaratu zen. Liburuok, Igela argitaletxearen sail beltzerako itzuli zituen. Izan ere, lankidea zuen Xabier Olarra -Igela argitaletxeko arduradunetako bat-, eta, beste itzultzaile askorekin egin duen bezala, Olarrak Zigandari ere literatura-itzulpenaren harra sartu zion. Zigandaren itzulpenetan nahiz mintzamoldean, nabaria zen goi-nafarreraren kutsua, euskaldun berria izanik ere Atezkoa, Ultzamakoa eta Imozkoa baitzuen familia.
Euskararen aldeko lanean, aipatzekoa da, halaber, Iruñeko Arrotxapea auzoan D ereduko eskola sortzeko lanean buru-belarri aritu zela beste guraso batzuekin batera; horrela, gaur egungo Patxi Larrainzar ikastetxean hutsune handia utzi du Juantxo Zigandaren heriotzak. Eta itzultzaileon artean ere handia da utzi duen hutsunea, halakoxea baitzen bera: handia, tamaina handikoa, eta, azkenera arte erakutsi zuen moduan, umore handikoa, zailtasunei aurre egiteko gaitasun handikoa, adiskide handia.