Josu Zabaletaren hitzak, Euskadi sarian

2008 Azaroa 23
Josu Zabaletaren hitzak, Euskadi sarian

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuet, Eusko Jaurlaritzako lehendakari jaunari, Kulturako sailburu andreari, saritu nauen epaimahaiko kideei, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteari –zenbat lan ixil eta on elkarte honek–, nire lankideei –haien zuzenketarik, kritikarik, laguntzarik gabe, itzulpenok ez lirateke izango diren bezalakoak–, eta eskerrik asko, azkenik, etxeko guztiei, emazte, seme-alaba eta suhi-errainei, etxekorik gabe alferrik dira-eta gainerakoak.

Honelakoetan, eskerrak ematez gainera, beste zerbait ere kontatu behar izaten da, baina labur kontatu, ez baitago astirik. Ez nekien zer gehiago esan, labur esatekorik, harik eta bat-batean argia piztu zitzaidan arte: Manu Leginetxe, neure sarikidea! Zer izan liteke gai hoberik? Manu Leginetxek eramaten gintuen, gazte ginenean, bere bidaietara, bidaiaren abenturara, eta hara iritsita ezin hobeto erakusten zigun guretzat arrotza baina bertakoentzat gogorra zen errealitate hura geure egiten. Hark lagundu zigun, geroago, kanporako bidaietatik barneko bidaietara itzultzen.

Nik ezagutu nuenean, ordea, Manu Leginetxe ez zen Manu Leginetxe deitzen, Paskual Vitoriakoa baizik, frai Paskual Vitoriakoa, eta ez zen XX. mendea, XIV. mendea baizik. Beste gernikar bidaiari eta jakintsu batek eman zidan haren ezaguera, Ignazio Omaetxebarria frantziskotarrak.

Manu Leginetxe Paskual Vitoriakoa deitzen zenean, mongoliarrak mundu ezagun osoa konkistatzen ari ziren, Genghis Khanaren eta haren ondorengoen gidaritzapean, eta errogatibak egiten ziren Europako eliza guztietan, A furia tartarorum libera nos, Domine! Paskual Vitoriakoak, geroago Manu Leginetxek bezala, gauzak egosten diren labera bertara joan nahi izan zuen, mongoliarren khan nagusiarengana. Kosta egin zitzaion Elizak joateko baimena ematea; itxura denez, Elizan nahiko zabalduta zegoen ordurako herrialde latinoetako misiolariek nekez ikasten zituztela zetaren bideko hizkuntzak, eta hobe zela herrialde germaniarretakoak, eslaboetakoak edo hungariarrak bidaltzea. Paskual, berriz, seguru zegoen, nonbait, bi hizkuntza oso desberdinez mintzatzen zirelako (latinez eta berenaz) zutela haiek halako erraztasuna Asia erdialdeko hizkuntzak ikasteko; berak ere bi hizkuntza oso desberdin zekizkien: latina edo gaztelania eta euskara; azkenean bidal zezaten lortu zuen. Garai hartako misiolariek egin ohi zuten otoitza eginez abiatuko zen Gasteiztik: Otoitz egiozue Jainkoari adimen bizkorra eman diezadan zuen hizkuntzak bizkor eta ongi ikasteko. Egia da –hala diote berak eta bere kideek– bizkor ikasi zituela zetaren bideko zenbait hizkuntza, itzultzailerik gabe moldatu eta predikatu ahal izateko moduan.

Hasieran, hala ere, itzultzaileez baliatu beharko zuen, berez ere itzultzailez beteta zegoen zetaren bidean: mongoliarrek konkistatu zituzten lurraldeetatik preso eramanak, merkatariak eta abar. Zetaren bidea itzultzaileen bidea ere bazen-eta; itzultzaileen eta itzultzaileek garraiatzen dituzten ideien, berrien, ezagueren, jakintzen eta teknologien joan-etorriko bidea. Paskual Vitoriakoak jakingo zuen, gaur egungo erreportariek bezala, liskarrak diren leku batera zoazenean, Irakera edo Afganistanera zoazenean, adibidez, hobe dela itzultzaileari –fisher deitzen diote gaur egun–, ongi ordaintzea, arrisku larritan sartu nahi ez baduzu. Gilermo Rubrukekoari gertatu zitzaion bezala: Luis Frantziako erregearen gutunekin mongoliarren Khan nagusiarengana zihoala, armeniar batzuek itzuli zizkioten gutunak kumano edo uighurrera, garai hartako zetaren bideko lingua francara. Batu Khanaren gortera iritsirik, zaldun alano batzuen adiskide egin zen; haiek bazekiten latin ere –zentzu bat baino gehiagotan, nonbait–, eta garbi esan zioten: nora zoaz itzulpen horiekin? akabatuko zaituzte! Eskerrak itzulpen berriak egin zizkioten kumanora, pertsiarrera eta arabiarrera. Bizirik itzuli zen, behintzat, Europara. Harrigarria da zazpiehun urteko aldearekin nola gerta daitezkeen egoera berberak, eta nola balio lezakeen aholku berberak.

Paskual Vitoriakoa Almalik hirira iritsi zen, eta han geratu zen, han eratu berria zen elizbarrutian. Gaur egun Txinaren mendeko Xinjiang-eko Errepublika Autonomoko Kulja edo Yiling hiria da. Urte gutxi egin zituen, harik eta 1339an Txagatai khan-herrian matxinada bat izan eta hartan bizia galdu zuen. Hil baino lehen, ordea, hark ere bere bidaiako eta egonaldiko kronikak bidali zituen, bidaiako berriak emanez eta leku bakoitzean topatzen zituen egoerak azalduz. Gasteizko frantziskotarren konbentuko kideei –Kustodia esaten zen garai hartan– idatzi zizkien Almalikeko gutunetan. Gaur egun garai hartako Asia erdialdeari buruzko informazio-iturri guztiz estimatuak dira.

Bi gogoeta labur geratzen zaizkit bada, honen guztiaren buruan egiteko. Bat, zein suerte handia dugun, hemen bi hizkuntza hain desberdin edukitzea doan eta aise ikas ditzakegunak. Hizkuntzak ikasteak berak badu plazerra. Horrez gainera, gureek, Paskual Vitoriakoak bezala baliatu eta Manu Leginetxek esango digun edozein Tartariatara –geure baitako zein kanpoko Tartariatara– joan eta hango hizkuntza ikasteko trebeago egiten gaituzte. Eta bi, itzulpena bera dugula, salgaiak ez baina, jakintzak, istorioak, ametsak, gogoetak hizkuntza batetik bestera, mundu batetik bestera, urrutieneko lekuetatik gurera ekartzen eta eramaten diren zetaren bidea, eta itzultzaileok garela bide horretan atzera eta aurrera gabiltzan Paskual Vitoriakoa eta Manu Leginetxe.

Eskerrik asko denei.

Josu Zabaleta